Diseinatzaile grafikoen VII. Serifalaris foroa, Getxon

Bizkaie! 2018-09-19 12:04   Kulturea

Sektoreko profesionalen berbaldiak eta lau master-class egongo dira irailaren 28 eta 29an.

Argazkia: Getxoko Udala | Ikusi handiago | Argazki originala

Getxoko Udalak ohar baten jakitera emon dauenez, irailean Getxo izango da diseinu grafikoaren eta sormenaren euskal uriburua, VII. Serifalaris foroari esker. Areetan egingo ditue berbaldi eta tailerrak, Getxolan lokaletan, Getxo Alkartegian eta Andres Isasi musika eskolan.

Serifalarisen helburua da diseinu grafikoari buruzko azken jokeren barri emotea, baita proiektu arrakastatsuen adibideak eta kasuak erakustea be. Horretarako, bertaratutakoen artean networking sarea sortzea aurreikusi dabe antolatzaileek, hari esker, etorkizunean profesionalen artean lankidetzak eta sinergiak egon daitezan.

Kontuak kontu, sektoreko 300 profesional eta ikasle batuko dira Getxon, hilaren 28an eta 29an, gehienbat Espainiatik etorritakoak. Egitarau ofizialean 14 adituk emongo ditue berbaldiak. Enric Aguilera nabarmendu dabe antolatzaileek, konsumoko produktuen etiketen diseinu ezagunak egin ditu eta. Aitatzekoak dira, ganera, Canadá kolektiboko kideak, Olga Capdevilla ilustratzailea eta Alvaro Sobrino diseinatzaile grafiko eta kazetaria.

Aurreko edizinoetan legez, aurten be infiltradu bi konbidauko ditue. Euren berbaldia hasi arte publikoaren artean izkutatuta egongo dira. Ganera, diseinu grafikoaren alorretik kanpoko personak izango dira.

Bestetik, lau eskola magistral edo master-class antolatu ditue. Honeek gaiak jorratuko ditue: Kontzeptutik materialera. Diseinatu-inprimatu tandema (Josep Amat eta Lluc Massaguer); Briefing-etik urtenbidera (Enric Aguilera); Design Attitudes. Marka barritzaileen bila (Laura Clèries); eta Bezero barik diseinatzea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu