Musikea ardatz MTV Music Week Bizkaia astean

Bizkaie! 2018-09-19 09:19   Musikea

Bizkaia, mundu mailako musika-panoramako erdigune bihurtuko da.



Music Week astea zemendiaren 4an Bilbao Exhibition Centren (BEC) egingo diran EMA 2018 sarien aurreko astean helduko da Bizkaira eta pop musikea eta kulturea izango dira ardatz dobako ekitaldietan. Urriaren 29tik zemendiaren 3ra arte, Barakaldo, Durango, Getxo eta Bilboko eszenatokietatik 20 artista baino gehiago pasauko dira, besteak beste, La Pegatina, Mala Rodríguez, Wolf Alice, Los Planetas edo Lori Meyers. Era berean, San Mames futbol zelaian egingo dan kontzertu jentetsuak amaierea emongo deutso lurraldeko biztanleentzako bakarrik pensatutako asteari.

Pop kultura eta MTVren zaleen artista gustukoenak, lurraldean egingo diran ekitaldiakaz gozau ahal izango dabe; esangura horretan, Bizkaia, mundu mailako musika-panoramako erdigune bihurtuko da. Ekimenari amaierea emoteko, harrerea egingo jako MTV EMA sarien 25. urteurrenari. Sariotan, urteko musika-arrakastak sarituko dituen eta munduko artistarik garrantzitsuenen emonaldiak eskainiko dituen 2018ko MTV EMA sarien ekitaldia egingo da zemendiaren 4an Bilbao Exhibition Centre (BEC) erakustazokan eta zuzenean ikusi ahal izango dira MTVren kanalen eta plataforma digitalen bidez.

MTV Music Week Bizkaia ekitaldirako, MTVk bere zaleak bezain anitzak izango diran ekintzak eskainiko ditu: Jai-mestizajea (Barakaldo) La Pegatina, Muchachito, Revolta Permanent eta Iseo & Dodosound taldeakaz; Durangon, Mala Rodríguez, Nathy Peluso, Brisa Fenoy eta Aneguria artistak; Indie Rocka (Getxo) Wolf Alice, Belako, La Casa Azul eta WAS taldeakaz edo Lori Meyers (Bilbo); eta akustikoa (Bilbo) Los Planetas taldeagaz. Aitaturiko horreek izango dira kontzertuetara bertaratuko diran ikusleek doban gozau ahal izango dituen estiloak.

Zemendiaren 2an, MTV Breaks ekitaldia helduko da Azkuna Zentrora. Bertan, momentuko persona ospetsuen aholkurik onenakaz eta workshop interaktiboen edo sektorean adituak direnakaz antolaturiko eztabaiden bidez, gazteei sorkuntza-industriaren munduan maila profesionalean amesa beteten lagundu nahi jake. Urtero, MTV Breaks ekitaldia MTV EMA sarietara batzen da Europako uri barri batean barruratzeko. Bertako gazteen sorkuntza-ibilbide profesionaletarako aukera bakarrak eskaintzea da ekimenaren helburua.

Eta musikea protagonista izan dauen astea ahalik eta ondoen zarratzeko, zemendiaren 3an, San Mames futbol zelaia hiru orduko zuzeneko musika saioetarako eszenatoki ezin hobea izango da eta nazinoarteko zein nazino mailako artistak izango dira bertan. Aurrerago ezagutuko doguz azken horreen inguruko zehetasun gehiago.

MTV Music Week Bizkaia ekitaldiaren aurkezpenean izan dira Unai Rementeria BFAko ahaldun nagusia, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Amaia del Campo Barakaldoko alkatea, Aitziber Irigoras Durangoko alkatea, Imanol Landa Getxoko alkatea, Manuel Gil Viacom International Media Networks Spain erakundeko zuzendari nagusia eta konpainia honetako Laura Abril zuzendaria.

Holango ekitaldiak herri administrazinoen arteko talde-lanaren eta publiko eta pribatuaren artekoaren lankidetzearen ondorio dirala nabarmendu dau ahaldun nagusiak. Rementeriak MTV Music Week Bilbora, ezkerraldera, eskuinaldera eta Durangaldera ekartearen garrantzia azpimarratu dau, izan be, danok gara Bizkaia eta helburu bat daukagu: ahalik eta bizkaitar gehienek esperientzia hau zuzenean bizitea eta ahalik eta persona kopuru handienak musikea zuzenean sentidutea. Era berean, garrantzitsutzat jo dau EMA sarien 25. urteurrena ospatzeko MTVk Bilbo aukeratu izana, munduko beste edozein uri zituanean aukeran. Desietan gagoz guztion artean jaialdi arrakastatsu bat sortzeko eta kontzertuetan artistek eta publikoak bat egin deien eta, holan, Music Week ekimena esperientzia ahaztezina bilakatzeko.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu