Mari Jose Azurmendik irabazi dau 2018ko Manuel Lekuona Saria

Bizkaie! 2018-09-19 08:24   Kulturea

Soziolinguistikearen alorretik euskerearen normalizazinoari egindako ekarpena nabarmendu dau Eusko Ikaskuntzak.

Argazkia: Eusko Ikaskuntza | Ikusi handiago | Argazki originala

Mari Jose Azurmendik (Donostia, 1944) eskuratu dau 2018ko Manuel Lekuona Saria, Eusko Ikaskuntzak jakitera emon dauenez. Ibilbide profesional eta akademiko aparta izan dau eta hizkuntzearen normalizazinoa bere egin dau, azpimarratu dau epaimahaiak. Besteak beste, aitzindaria izan da soziolinguistika gaietan, batez be psikosoziolinguistikea garatzen.

Bizitza osoa irakaskuntzan eta ikerketan pasau dau Azurmendik, emakume aitzindaria izan da hainbat arlotan. Beasaingo Alkartasuna Lizeoko lehen emakume zuzendaria izan zan, baita EHUko katedradun izatera heldu dan lehen emakumetarikoa be. 2000. urtean Soziolinguistika Klusterra Alkarteko bultzatzaile eta sortzaileetako bat izan zan.

Alkartasuna Lizeoan ez eze, Deustuko Unibersidadean lan egin eban eta 1983tik erretirau arte, EHUko Psikologia Fakultadean. Quebec-eko Laval Unibersidadeko Centre sur le Bilinguisme gunean irakasle konbidadu izan da eta Nevada-Renoko Unibersidadean be jardun dau.

Mari Jose Azurmendik euskerea erdigunean jarri dauela nabarmendu dau Eusko Ikaskuntzak, soziolinguistikan, psikolinguistikan eta psikosoziolinguistikan egin dituan ekarpenakaitik. Batez be, azpimarratzekoa da arlo horreetan bultzatu dauen ikerketa eta ezagutzearen barrikuntzarako ahalegina eta psikosoziolinguistikea deitua izan dan jakintza-arloa garatzeko egin dauen aitzindaritza lana.

2018ko Manuel Lekuona Sariaren irabazlea aukeratzeko, herritarrek, euskal komunidade globalak eta epaimahai instituzionalak parte hartu dabe. Azken horrek botoen pisuaren % 60 izan dau. Sei finalistaren artean, Jose Mari Azurmendiren alde egin dabe. Hortaz, Remigio Mendiburuk egindako eskulturea emongo deutsie.

Eusko Ikaskuntzak 1983an sortu eban Manuel Lekuona Saria, euskal komunidade globalarentzat garrantzitsua izan leiteken ekarpena egin daben norbanakoei autortzea egiteko. Lan zehatzak baino, ibilbide osoak saritzea da asmoa, opera omnia diralakoak.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu