Manuel Lekuona Saria irabazteko sei hautagaiak aukeratu ditue
2018-09-04 12:38 KultureaIrailaren 15era arte emon leiteke botoa.
Eusko Ikaskuntzak 2018ko Manuel Lekuona Saria irabazteko finalisten zerrendea argitaratu dau. Honeek dira: Xabier Amuriza bertsolaria, Mari Jose Azurmendi soziolinguistea, Agus Barandiaran trikitilaria, Andres Iñigo Filosofia eta Letretan doktorea, Paulo Iztueta irakasle eta ikerlaria eta Ana Izura artistea.
Irabazlea aukeratzeko, irailaren 15era arteko epea egongo da. Interneteko erabiltzaileek lotura honetan emon leikie botoa gogokoen daben hautagaiaren alde, baina euren eretxiak % 10eko pisua izango dau behin betiko erabagian. Beste % 30 Eusko Ikaskuntzako kideen esku egongo da. Azkenik, epaimahai instituzionalaren eretxiak % 60ko pisua izango dau. Eusko Ikaskuntzako lehendakaria eta erreferentziazko zazpi erakundetako buruak dagoz epaimahai horretan.
Irailaren amaiera aldera jakin eragingo dabe zein dan 2018ko Manuel Lekuona Sariaren irabazlea. Remigio Mendiburuk egindako eskulturea emongo deutsie. Igaz Fermin Leizaola izan zan saritua.
Eusko Ikaskuntzak 1983an sortu eban Manuel Lekuona Saria, euskal komunidade globalarentzat garrantzitsua izan leiteken ekarpena egin daben norbanakoei autortzea egiteko. Lan zehatzak baino, ibilbide osoak saritzea da asmoa, opera omnia diralakoak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!