VI. Ex!poesiak poesiaz blai jarriko dau Bilbo

Bizkaie! 2018-09-17 11:54   Kulturea

Gaur,18:30ean, Javier Secok performance interaktibo bat egingo dau ikusleakaz batera, Poemas flotantes izenekoa. 

Bizkaiko Foru Aldundiak, La Única Puerta a la Izquierda alkartearen eskutik, Poesia Esperimentaleko Ex!poesia Biurtekoaren seigarren edizinoa antolatu dau, eta irailaren 17an hasiko da olerki iturburu bategaz. Egun horretan bertan zabalduko da Biblioteca incÖmpleta erakusketea, eta urriaren 31ra arte bisitau ahal izango da. Juanje Sanz koordinauko ditu ekintzok, eta hainbat gunetan izango dira, estazinoz estazinoko ibilbidea eginez harik eta Liburutegiko areto nagusira heldu arte. Goizeko 10:00, Liburutegiaren kanpoaldeko urmaelean, Javier Seco artisteak Manantial de poesía instalazinoa montauko dau. Bertatik igaroten diran oinezkoak harrituta itxiko ditu, urmaela esaldi eta bertsoz estaliko baititu ur azalean daben berben bitartez.

Arratsaldez, 18:30ean, Javier Secok performance interaktibo bat egingo dau ikusleakaz batera, Poemas flotantes izenekoa. Talde-ekintza horretan, parte-hartzaileek poesia (idazkiak, amesak, nahiak, esaldiak, marrazkiak...) egiteko aukerea izango dabe, muntauko dan argitalpen esperimental baten sorreran modu aktiboan parte hartuz. Argitalpen hori Foru Liburutegiko areto nagusiko erakusketan jarriko da ikusgai.

Eraikinaren barrualdeko eskaileran zehar jarraituko dau ibilbide poetikoak. Bertan 19:00etan, Mary Zurbanok Musgo-ceniza-musgo performance antzeztua egingo dau; iraganeko istorioen fenomeno bat da (geroaren hondetan dau eta bisitariei Liburutegiko areto nagusiraino lagunduko deutse bere musikeagaz, ikusleak Biblioteca incÖmpleta erakusketaz gozetan dabizen bitartean. Askotariko lan esperimental aukeratuak batzen ditu erakusketeak, eta metakontakizun bat eskaintzen dau, artisten barruko zokorik pribatuenetako bat arakatzen dauena: euren tripak.

Erakusketa hori urriaren 31ra arte bisitau ahal izango da.

Euskadiko Poesia Esperimentaleko Ex!poesía Biurtekoaren funtsak 800dik gora argitalpen batzen ditu: artisten edizinoak, artista-liburuak, esku hartutakoak, objektu-aldizkariak, mihiztatuak, posta-txartelak, fanzineak, orriak, esku-papelak, katalogoak, pleguak...


Tailerrak eta berbaldiak Bizkaiko Foru Liburutegian

La más bella: aldizkari esperimentalak sortzeko tailerra (irailaren 18an eta 19an): Fanzine, aldizkari, objektu-liburu eta abarren argitalpenaren mundua pil-pilean dago, eta horretan interesa daben personentzako tailerra egingo da. Jarduerak ikuspuntu gogoetatsu batetik ekingo deutse 'oinak lorontzitik aterata' editetako baldintza eta ondorioei. Bien bitartean, ikuspegi praktikotik, La mas bellaa aldizkariaren edizino berezi eta mugatu bat egingo da eta hor ikasleak editorekide, kolaboratzaile, sortzaile eta konplize izango dira.

Pentsau, josi eta koadernatu egiten dana (irailaren 20an eta 21ean): Oinarrizko ezagutza batzuk eta azaleztatzeko modu oso erraz batzuk tarteko, tailer honetako parte-hartzaileek euren artista-liburuak sortzen hasi ahal izateko tresnak eskuratuko ditue. Sortzeko aukera sorta oso zabala eskaintzen dau artista-liburuak kontzeptu eta edukien aldetik, materialen eta formen aldetik, lanerako teknikei erreparauta... Holan, parte-hartzaile bakotxak bere gustu artistikoen araberako obrak sortu ahal izango ditu.

Tailerrez gan, berbaldiak be egingo dira, argitalpen esperimentalakaz zerikusia daben gaiei buruzkoak. Alde batetik, arte-edizinoari eta edizino independenteari buruzko mahai-ingurua izango da irailaren 25ean, Jaio de la Puerta Ruedaren (A fortiori) eta Garikoiz Fragaren (Belleza infinita) eskutik. Bigarren mahai-ingurua irailaren 26rako programau da, eta bertan artista-liburua izango da aztergai, Luis Barrios eta Dora Salazaregaz.


Artisten biografia

Javier Seco

Arlo asko jorratu dituan egilea. Erakusketei jagokenez, ibilbide luzea egin dau Estaduan eta nazinoartean. Hasieratik lotura estua dauka berbeagaz, ikusteko poesiagaz eta Objektu-olerkiagaz. Ingurumenagazko ardureak eta salaketa ironikoa etenik barik azaltzen dira haren lanetan.

Mary Zurbano Gauna

Hamar urte baino gehiago emon ditu sorkuntzeari lotuta, horren alderdi guztiak lantzen: bideo-sorkuntzea, ekintza-artea, performancea, jantza-mobimentua, argazkigintzea, poesia esperimentala... Zenbait antzerki taldetako kidea izan da. Zenbait fanzine eta aldizkaritan parte hartu dau: 'Tejedor de palabras, lalata' nº9...


Mikel Inunziaga INUN, Zornotza

Mikel Inunziaga Inun egile abeslaria musikari lotuta egon da bere gaztaro osoan. Bakarka zein taldean hainbat proiektutan parte hartu eban harik eta 2014ko maiatzean, bakarlari moduan eta euskeraz, bere lehen diskoa argitaratu arte: Berreginez, pop estilokoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu