I. Ramiro Pinilla sariketeak harrera bikaina izan dau
2018-09-17 09:36 KultureaFernando Palazuelos eta Nerea Balda saritu ditu Getxoko Kultur Etxeak.
Sormen literarioa bultzatzeko asmoz sortu dau Getxoko Udalak, Kultur Etxearen bidez, Ramiro Pinilla lehiaketea, izen bereko idazle getxoztar handiaren gomutan. Lehenengo edizinoa sari-banaketa ekitaldiagaz biribildu dabe eta antolatzaileak pozik agertu dira, parte-hartzaile asko eta kalidade onekoak aurkeztu diralako.
Getxoko Udalak berak zabaldutako datuaren arabera, I. Ramiro Pinilla lehiaketan 123 idazleren lanak jaso ditue. Horreetatik 23 getxoztarrak izan dira. Epaimahaian Felipe Juaristi Galdos eta Laura Mintegi idazleak eta Lucía Martínez Odriozola kazetaria egon dira. Irabazleei 6.000 euro emon deutsiez, modalidade bakotxean.
Euskerazko atalean Nerea Balda Sanjuan irurtzundarrak irabazi dau saria, Atzerrian, abroad, á l'etranger, all'estero elebarriari esker. Erbesteratzearen inguruko sentimenduak jorratzen ditu atzerrira bizitzera joan dan emakume baten gogoeten bidez. Epaimahaiaren ustez, sentimendu hori eta eragindako emozinoak gaztaroari lotuta egon arren, egilea nostalgiatik harago doa eta estilo zalua erabilita, etxetik urrun egoteak eragiten dauen hutsunea agertzen dau.
Gaztelaniazko modalidadean, Fernando Palazuelos Gete bilbotarrak irabazi dau. Llamadme Žula izeneko kontakizunean, Václav Havel olerkari eta antzerkigile txekiarraren espetxeratzea erakusten dau eta epaimahaiaren ustez askatasunaren aldeko konpromisoa, koherentzia personala eta zuzentasun moralari buruzko gogoeta interesgarria da.
Beste alde batetik, Ramiro Pinilla sariakaz batera, gaztetxuentzako Txiki Baskardo lehiaketako irabazlea be aukeratu dabe. Getxoko Caro Baroja ikastetxeko Marina González Pradari emon deutsie sari nagusia, alzheimer gaixotasunari buruz egindako kontaketeari esker.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!