Mobikortasun Astea Bilbon domekara arte
2018-09-17 08:46 KultureaBizkaiko uriburuak ez eze, Europako milaka uri eta herrik egin dabe bat ekimenagaz.
2002tik urtero egiten ditue Bilbon mobikortasun jasangarriaren eta garraio publikoaren aldeko ekintzak, Europako Mobikortasunaren Astearen deiari erantzunaz. Aurten, irailaren 16tik 23ra bitartean jarri dabe hitzordua. Ume zein helduentzako jarduera ugari antolatu ditu Bilboko Udalak.
Asteari ekiteko, domekan, bizikleta ibilaldi herrikoia egin eben Arenalean hasi eta amaituta. Giro lasaian, 12 kilometroko ibilbidea bete eben ehundazak lagunek. Aste barruan, egitaraua auzoetara helduko da, besteak beste, Oinezko Nagusien Segurtasuna Hobetzeko Topaketei esker. Bilbo-Getxo bidegorria eta Bilboko bizikleta elektriko barriak be aurkeztuko ditue.
Eguenean, hilak 20, eskuko telefonoakaz egindako film laburren Konbinau eta mobidu lehiaketearen sariak banatuko ditue Bilboko udaletxeko areto arabiarrean. Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzendutako sariketa horren helburua kontzientziazinoa zabaltzea da, gazteek egunerokoan mobikortasun jasangarria kontuan hartu deien.
Astebururako gorde dabe, baina, programazinoaren zatirik mamintsuena. Izan be, Erripako kaian Mobikortasun Azokea ipiniko dabe barikuan, zapatuan eta domekan. Hor egongo da, besteak beste, Bilbobusen 30. urteurrena ospatzeko gune berezia, kart zirkuitu eta guztiduna. Ibilgailu jasangarrien erakusketea be egongo da Erripan, baita ONCEk antolatutako beste erakusketa bat be.
Gose diranek food-track dalakoetan erosi ahal izango ditue jakiak, era horretako zortzi ibilgailu konbidau ditue eta. Hori gitxi balitz, musikea be egongo da, Mud Candies (barikuan), X-talin, Bringas (zapatuan) eta Sicacustica (domekan) taldeen eskutik. Erakusketak eta kontzertuak dobakoak dira.
Egitarau zabala antolatu dabe Bilbon, hortaz, domekara arte. Baina ez da Mobikortasun Asteagaz bat egin dauen leku bakarra, Europa osoko deialdia dan ezkero. Igaz marka guztiak apurtu zituen, 2.526 uri eta herrik parte hartu eben eta.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!