Bilboko Udal Musika Bandeak hilaren 14an hasiko diran 'Topaketak' aurkeztu ditu

Bizkaie! 2018-09-13 11:30   Musikea

2019ko urtarrilaren 27an, estreinaldi batez gozetako aukerea izango da: Fayos Jordánen Clouds and Shadows.

Bilboko Udal Musika Bandeak sekulako zuzendari gonbidatuak izango ditu: Laszlo Marosi eta Yves Segers nazinoartekoak edota Borja Martínez Alegre Bilbao Musikako II. Zuzendaritza Orkestralaren Topaketen irabazlea. Urtarrilaren 8 eta 11 bitartean egingo diran III. Topaketetan Franco Cesarini zuzendari eta konpositore suitzar ezagunak jardungo dau irakasle gonbidatu legez.

Egunotan, Bilboko Udaleko Kultura Zinegotziak, Nekane Alonso; Bilbao Musikako Zuzendari Kudeatzaileak, Ana Madariaga, Bilboko Udal Musika Bandako Zuzendari Titularrak, José R. Pascual-Vilaplana eta zuzendariordeak, Iñaki Urkizu, musika Bandearen 2018-2019 denporaldi barriko kontzertu programea aurkeztu dabe.

Topaketak izeneko denporaldi barria bariku honetan hasi, irailaren 14an, eta apirilaren erdialdean amaituko da. Ohikoa dan legez hiru antzeztokitan izango dira kontzertuak da: Azkuna Zentroan, Euskalduna Jauregian eta Bilboko Juan Crisóstomo de Arriaga Konserbatorioan. José R. Pascual-Vilaplana zuzendari titular eta artistikoak zehaztu dauen laugarren denporaldia da hau.


Topaketak Bilboko Azkuna Zentroan hasiko dira

Denporaldi barriaren lehenengo kontzertu biak Azkuna Zentroa izango dabe eszenatoki nagusi eta biak 19:00etan hasiko dira. Lehenengoa bariku honetan bertan izango da, irailaren 14an, Topaketak historiagaz izenpean. José R. Pascual-Vilaplana zuzendari titularrak berak zuzenduko ditu Fontinens, Paisajes de la Reconquista, Despertaferro, Jericho eta La Inmortal obrak interpretauko dituen Bandako 45 musikariak.

Bigarren emonaldia, Topaketak mitologiagaz, irailaren 28an, barikuan, egingo da. Kasu honetan Orkestrako zuzendaritzeari buruzko II. topaketen irabazleak, Borja Martínez Alegrek, hartuko dau batutea; Bryant, Gotkovsky, Lancen eta Kosmicki egile klasiko eta gaur egungoen eskutik mito eta elezaharren gomuta soinuduna eskainiko dau.


Urritik aurrera Bandea Euskalduna Jauregira bueltauko da

Azkuna Zentroko kontzertu bi horreen ondoren, Bilboko Udal Musika Bandea Euskalduna Jauregiko Auditoriora itzuliko da. Jardunaldiak domekatan, eguerdiko 12:00etan izango dira eta 5 euroko kostua izango dabe. Sarrerak zenbakituak izango dira eta Euskalduna Jauregiko txarteldegietan, www.euskalduna.eus webgunean eta Kutxabank-en zerbitzu anitzeko kutxazainetan erosi ahal izango dira.

Herritarrei kulturea hurreratzearen Bilboko Udalaren helburu estrategikoari jarraituz, Bilbao Musikak Udal Bandearen kontzertuen denporaldia 65 urte baino gehiagoko persona eta gazteak kultura musikalean sartzea errazten dauen ekimenagaz hastea erabagi dau. Horregatik, 2018ko urritik aurrera, bai 65 urte baino gehiagoko persona, erretiratu eta pensinodunek, baita Gazte-txartelaren jaubeek (14 eta 29 urte artekoak) be sarrerak erosterakoan deskontuak izango ditue. Kolektibo horreetako persona bakotxak sarrera 2 erosi ahal izango ditu, 4 euroan bakotxa.

Euskalduna Jauregiko lehenengo kontzertua urriaren 7an, domekan, izango da. Topaketak erritmoagaz jardunak José R. Pascual-Vilaplanak zuzenduko dau eta Conrado Moya perkusionistearen laguntzinoa izango dau. Urriaren 21ean Bandea eszenatokira bueltauko da Tokapeta hungariarrak izenekoagaz. Kasu honetan,
Laszlo Marosi hungariarrak zuzenduko dau ekitaldia.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu