Erika Elizarik irabazi dau XXI. Igartza saria
2018-09-13 08:38 KultureaZendabalitz idazlan proiektuak saria hartuta, pozarren dago Erika Elizari hernaniarra.
Hegaldi baten kronikea kontau gura izan dot, bidaiarien barruko bakarrizketen bitartez, personaien psikologian sartu eta giza jokabidea arakatu, azaldu dau Elizarik. Aireportuan ez atzera ez aurrera geratzeak dakarren egonezinak eta bestelakoak sentiduko ditu irakurleak. Zazpi personaia sortu ditu: batak besteagaz zerikusi handirik bakoak: horregaz olgau gura izan dot, batak zein besteak dituen pentsamenduak kontrajarriz. Aldi berean, alkar eraginak egongo dira, euren artean hartu-emonak sortu, eta ezinbestekoak izango dira bidaiaren nondik norakoak erabagiteko. Edozelan be, ez dauela oraina bizitearen aldarria egin gura argitu dau egileak: Adierazo nahi dodana da ia merezidu dauen joanak eta etorkizunak sortzen deuskuezan ardura horreek guztiak eukitea. Baina ez dot borrau edo ezabatu gura joandakoak eta etorkizunak gugan daben eragina.
Beasaingo Udalak, CAF enpreseak eta Elkar argitaletxeak antolatzen dabe Igartza sariketea, idazle gazteei literatur proiektu bat garatzeko aukerea emoteko. Aurtengo irabazlearen barri bart emon eben Elkarreko Xabier Mendiguren Elizegik, Beasaingo alkate Aitor Aldasorok eta CAFeko ordezkari Joxe Begiristainek, Elizarigaz batera Donostian egindako agerraldian. Aurten hamabi proiektu aurkeztu dira eta Elizarirena hautatzea erabagi dau Miren Amurizak, Garazi Kamiok eta Igor Estankonak osotutako epaimahaiak. Ekitaldi berean, igazko irabazleak, Miren Amurizak, Paperezko txoriak lana entregau ostean diru sariaren bigarren zatia jaso dau eta datorren urteko ozezeilean aurkeztuko da liburua.
Beasaingo Udalak idazle berrien sormena bultzatzeko helburuarekin sortu zuen beka Elkar argitaletxea eta CAFen laguntzarekin. 21. edizioa izan den honetan, 12 lan aurkeztu dira. Horietatik 3 emakumeenak eta 9 gizonezkoenak. Aurkeztu diren lanen jatorriari dagokionez 8 gipuzkoarrak, 2 nafarrak, 1 bizkaitarra eta 1 lapurtarra izan dira.
Ikus-entzunezko Komunikazinoan lizentziaduna da Elizari, eta arlo horretan egin dau bere ibilbide profesionala. Sormenerako behar bat beti izan dauela eta orain artean bideogintzan ibili izan dala autortu dau; idatzi be idatzi izan dauela, baina beti oso era intimoan. Aurten, barriz, proiektua aurkeztea erabagi eban: Orain urte batzuk ipuin klasiko batzuen egokitzapenak egin nituan, baina hau izango da benetan literatureagaz izango dodan loturarik estuena.
Sei mila euroko saria dakar Igartzak eta idazleak urtebeteko epean entregau beharko dau idazlana.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!