Bilboko Antzerki eta Jantza Garaikide Jaialdiak erabateko 4 estreinaldi eskainiko ditu
2018-09-12 13:10 KultureaBAD urriaren 17tik 28ra egingo da uriko sei agertokitan.
Bilboko Antzerki eta Jantza Garaikide Jaialdiak (BAD), erabateko lau estreinaldi eskainiko ditu Campos Antzokian, Sandra Gómez, Blanca Arrieta, Isaak Erdoiza eta Pablo Fidalgo artisten eskutik.
Horrezaz gan, BADek lekua gorde dau nazinoartean ibilbidea daben produkzino lanetarako, Arkadi Zaides koreografoaren Archive edo Juan Domínguezen My Only Memory lanetarako, adibidez. Azken horrek edegiko dau Campos Antzokiko Kupula Aretoko programazinoa urriaren 18an, 21:00etan.
BADek zazpi ikuskizun programau ditu Campos Antzokian, horreetako lauen erabateko estreinaldia. Estreinaldien artean, Sandra Gómezen Todo por los aires –Circula 2018 jaialdian Valentziako konpainia lez aukeratutakoa–, dago, ikusmenetik entzumenerako eta entzumenetik ikusmenerako bidean soinua eta argia eskaintzen daben giroen narrazinorako eta sorkuntzarako aukeren azterketearen bitartez gorputz batek eszenan dauen zentralidadeari uko egitea eta bertan behera ixtea dakarren jantza-performance ariketea.
Jantza garaikidean oso prestakuntza zabala dauen Sandra Gómez gorputzean eta mobimentuan oinarritutako proiektuetan dabil lanean 2012tik. Aurreko egunean bere lanagaz lotutako tailerra emongo dau.
Bigarren estreinaldia urriaren 21ean izango da, Arabako Blanca Arrieta koreografo eta jantzariaren Despacio. Una serie de aproximaciones sucesivas sorkuntza lanagaz. Azken hiru urteetan konpainiak gorputzaren eta espazioaren arteko barrruko eta kanpoko lñotura konplexuei buruzko zenbait proposamen koreografiko garatu ditu. Denpora tarte horretan estreinautako lanak Sujetos (2016) eta Despacio (2017) izan dira. Despacio. Una serie de aproximaciones sucesivas, lan horretan sakontzen jarraitzeko asmoz sortu da.
Campos Antzokiak Isaak Erdoizaren MASA jasoko dau urriaren 27an. Lan horrek BADen laguntzinoa dauka, Bilboko Udalak sorkuntza eszenikoari laguntzeko urtero deitzen dauen Artistak Egoitzan programearen azken edizinoan aukeratutako egitasmoetako bat baita.
Abadiñoko Isaak Erdoiza jantzari eta koreografoaren MASA, abiapuntu lez gizonaren gorputzaren karga sinbolikoa hartzen dauen pieza eszenikoa da eta, irudikapenen eta imajinarioen elementu lez bertan oinarrituz, gorputza eregitea proponiduten dau, gorputzetik harago eroaten gaituan paisaje sailkaezinaren parte bilakatzen dan masea, materiara eroaten gaituan bidaia.
Azkenengo estreinaldia Pablo Fidalgo galiziarraren Anarquismos (Por el medio de la habitación corre un río más claro) da, BADen eta Portugalgo, Frantziako eta Galiziako beste jaialdi eta antzoki batzuen arteko produkzino lana. Anarkiari eta disidentziari buruzko performance horrek, korrontearen kontra joateko ahalegina egingo daben historiarik eta nortasunik bako hiru gorputz biluzi jarriko ditu eszenan.
Jantzak eta indarkeria
Campos Antzokiko programazinoa BADen barruan Euskadira helduko diran beste proposamen batzuekaz osotuko da, Juan Domínguezen My Only Memory –BADen partaidetzea dauen produkzinoa– eta Arkadi Zaides koreografoaren Archive bakarkako jantza lana, mundu osoko jaialdietan parte hartu eta Israelen kritikak eragin dituana, Israelen eta Palestinaren arteko gatazkearen azterketa artistikoa proponiduten dauelako.
Azken lan horretan jantzak eta urte luzez Cámara B´Tselem Proiektuko boluntarioek grabautako indarkeria irudiak nahasten dira. Lan hori egiteko Zaidesek 4.500 bideo ordu aztertu zituan, eta keinu horreetatik guztietatik, soinu guturalez lagunduta, geopolitikea gainditu eta gorroto eta indarkeria keinuen katalogo unibersal bilakatzeko esaldi koreografikoak bihurtutako gorputz hiztegia dakar.
1979an, Bielorrusian jaiotako Arkadi Zaides koreografoak Israelera alde egin eban 1990ean, baina gaur egun Europan bizi da. Zaidesek Israelgo zenbait konpainiatan egin dau jantzan, horreen artean Batsheva Dance Company ospetsuan edo Yasmeen Godder Dance Group izenekoan. 2004an, karrera independenteari ekin eutson, eta bere lanaren bitartez gai sozialez eta politikoez arduratzen da. Bere jardunbide artistikoaren helburua eztabaida kritikoa eragitea da, gorputzean oinarrituz, gai sozialak eta politikoak zorrotzago esperimentetan diran bide legez.
BADek Campos Antzokian aurrera eroango dauen programazinoa Eva Guerreroren El fin de las cosas jantza garaikide piezeagaz osotuko da –Ainara Legardónen zuzeneko musikeagaz–. Lan hori, kaleko arteen sorkuntzea bultzatzen dauen eta Bilboko Udalaren partaidetzea dauen Karrikan plataformearen lehenengo laguntzino deialdiaren irabazlea izan zan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!