XXX. Bilbo Uria Pop Rockeko sailkapen kontzertuak irailaren 13an hasiko dira

Bizkaie! 2018-09-12 12:08   Musikea

32 emonaldiak urriaren 5era bitarteko eguenetan eta barikuetan izango dira.

Bilboko Udalak antolatzen dauen Bilbo Uria Pop-Rock Lehiaketearen 30. edizinoko sailkapen kontzertuak bihar, irailak 13 (eguena), hasiko dira, Pop Rock-eko WIZARD (Frantzia) + FRU KATINKA (Valentzia) + YAWNERS (Madril) + GIGANTE (Araba) taldeen kontzertuagaz. Hogeita hamabi taldeek urriaren 5era bitarteko eguenetan eta barikuetan eskainiko ditue euren kontzertuak, 20:00etan hasita. Danetara, 32 kontzertu, talde bakotxeko bat. Finalak modalidadeka egingo dira (pop-rock, metal eta urban) urriaren 18an, 19an eta 20an. Sartzea librea eta dobakoa izango da, leku guztiak bete arte.

Lehiaketa Europako musikearen panoraman aitzindari bihurtu da 30 edizinoren ondoren. Lehiaketa honetan, 18 eta 35 urte bitarteko gazteek osotutako taldeek hartu leikie parte. Lehiaketearen helburua euren lanak bultzatzea eta zabaltzea da, agertokia Estaduko zein nazinoarteko beste talde batzuekaz konpartiduteko aukerea emoteaz ganera.

Epaimahaia musika-arloko espezialistek osotu dabe, eta euren arduraa izango da sailkapen-fase honetan zuzenean joko daben 32 taldeak hautatzea. Edizino honetan 527 taldek emon dabe izena (368 talde pop-rock modalidadekoak; 113, metalekoak; eta 46, elektronika eta beste jokera batzuetakoak), eta euren artetik aukeratu ditue taldeak.

Sailkapen-kontzertuen bidez, kategoria bakotxetik finalean izango diran hiru taldeak hautatuko dira. Finaletako kontzertuak Bilborock-en izango dira: urriaren 18an, pop-rock modalidadeko finala jokatuko da, urriaren 19an, metal arlokoa eta 30an, urban jokerako finala egingo da.


XXX. edizino honetan aukeratutako banda-kopuru handienak Euskal Autonomi Erkidegoan eta Nafarroan dabe jatorria: 11 taldek, hain zuzen; horreetako 6 Bizkaikoak dira. Ganerako taldeak Madril, Bartzelona, Granada, Valentzia, Pontevedra, Sevilla, A Coruña, Murtzia, Asturias eta Zaragozatik datoz; talde bat Poloniatik eta beste bi Frantziatik.

Taldeetako kideen edadeari jagokonez, gazteenak 21 urte ditu eta nagusienak 32; batez besteko edadea, beraz, 27 urte inguruko da.

Udalaren helburuetako bat da nesken partaidetzea mutilenagaz parekatzeko lanean jarraitzea, batez be gizonezkoak nagusi diran metalaren eta rock-aren musika-eremuetan. Esangura horretan, lehiaketarako aukeratutako taldeen % 22an, hau da, 32tik 7 taldetan, kideetakoren bat emakumezkoa da eta Lady Banana (Zaragoza) taldeko kide guztiak emakumeak dira.


Kontzertuen egutegia

Sailkapen-kontzertuak eta finalak ondoko egunetan egingo dira, parte-hartzaile bakotxaren musika-estiloaren arabera banatuta:

- Pop-Rocka

Sailkapenekoak: irailaren 13an, 20an eta 27an eta urriaren 4an.
Finalak: urriaren 18an

- Metala

Sailkapenekoak: irailaren 14an eta 21ean.
Finalak: urriaren 19an.

- Urban

Sailkapenekoak: irailaren 28an eta urriaren 5ean.
Finalak: urriaren 20an.


Sariak

Modalidade bakotxean hiru sari emongo dira: 4.000 euro modalidade bakotxeko irabazlearentzat; bigarrenentzat 2.000 euro eta hirugarrenen geratzen diranentzat 1.300 euro. Era beran, epaimahaiaren sari berezia be emongo jako Bizkaiko talde edo bakarlari onenari, 1.000 euroko balioa dauena, bertoko taldeen lana sustatu eta balioa emon guran.

Eskudirutan emongo diran sari horreez gan, beste batzuk be izango dira, babesleek emonak (materiala, zabalkundea, zuzeneko emonaldiak...). Kontzertuetara doazenek be izango dabe sari batzuk eskuratzeko aukerea —esaterako, jaialdietarako abonuak—, finalistak hautatzeko bozketetan parte hartu ezkero.

Kontzertuak streaming bidez jarraitu ahal izango dira Udalaren webgunean, bilbaogazte.bilbao.eus atalean. Sareko espazio horretan, lehiaketeari buruzko informazino guztia konsultau ahal izango da: kontzertu-egunak, taldeei buruzko informazinoa, emonaldien bideoak, etab. Ganera, aukeratutako taldeek aurkeztutako abestiak entzungai egongo dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu