Bilbon zientzia izango da ardatz Naukas ekitaldiari esker
2018-09-12 13:09 KultureaPedro Miguel Etxenike fisikaria protagonista dauen El secreto de la Naturaleza dokumentala estreinauko da.
Bilbon zientzia izango da ardatz irailaren 13tik 16ra bitartean Naukas 2018 izeneko Estaduko dibulgazino zientifikoko ekitaldirik handienari esker. Topaketa hau Euskal Herriko Unibersidadeak antolatutako hamabostaldi zientifikoaren eskutik helduko da Bizkaiko uriburura. Naukasen proposamenak zientzia, eszeptizismoa eta umorea batuko ditu, gazte eta helduei zuzendutako jardueretan nahiz txikienentzat antolatutako jardunaldi berezian.
Aurten, zientziazaleen topaketeak beste osogarri erakargarri bat be izango dau: Pedro Miguel Etxenike Donostia International Physics Center (DIPC) Fundazinoko Presidente eta UPV/EHUko Materia Kondensatuaren Fisikako Katedraduna protagonista dauen El secreto de la Naturaleza dokumentalaren estreinaldia; laurogei minutu inguruko film honek edertasunaren zentzua teoria jakin baten barruan topau guran dabilen fisikariaren bizitza eta lana gainbegiratzen ditu.
Naukas 2018 Bilboko Bizkaia Aretoan aurkeztu dabe Pedro Miguel Etxenike eta topaketan hizlari lez parte hartuko dauen Maia García-Vergniory DIPCeko ikertzailea tarteko izan dituan ekitaldian. Etxenikek Naukasen apustua garrantzitsutzat jo dau zientzia era erraz baina zorrotzean komuniketan dauelako, komunikatzaileen eta zientziako abangoardiarako dagozan personen eskutik. Haren arabera, funtsezkoa da XXI. mendearen kultura zientifikoa-teknologikoa izango dalako.
García-Vergnioryk, barriz, Naukasen lana azpimarratu dau zientzia gizartera eroaten dauen ekitaldia dalako, zientzialariek gizartearen laguntzinoa behar dau ikertzen jarraitu ahal izateko.
Aurkezpenean, topaketa hau batuko dauen Bizkaia Zientzia Plazea izeneko hamabostaldi zientifikoaren programazinoa be aurreratu dabe. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedreak antolatuta, Bizkaia Zientzia Plazeak zientziaren mundua hurreratuko deutsee umeei, gazteei eta helduei. Ehun bat hizlarik parte hartuko dabe irailaren 29ra arte, Bilboko Euskalduna Jauregian, Bizkaia Aretoan, Bidebarrietako Liburutegian eta Bizkaiko Ondarroa, Igorre eta Durango herrietan atonduko diran jardueretan.
Bizkaiko hamabostaldi zientifikoa Petronor-en eta beste hainbat erakunderen babespean antolatuko da.
Informazino gehiago eta egitaraua hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!