Filosofia, bildurra eta Alex de la Iglesia buztartuta dator IX. Ja! Bilbao Jaialdia

Bizkaie! 2018-09-11 13:34   Kulturea

Álex de la Iglesia zinemagileak BBK Ja! Bilbao Saria jasoko dau,

Argazkia: David Herranz | Ikusi handiago | Argazki originala

Ja! Bilbao, Umorezko Literaturearen eta Artearen IX. Nazinoarteko Jaialdiaren bederatzigarren edizinoa uribilduko hiru lekutan egingo da, eta dobako egitaraua eskainiko daben bederatzi egun iraungo ditu, irailaren 27tik urriaren 7ra arte.

Álex de la Iglesia zinemagileak BBK Ja! Bilbao Saria jasoko dau eta Mamen Moreuren komiki eta ilustrazinoak izango doguz ikusgai erakusketa batean.

Aurten, ez da gai zehatzik egongo, baina estetikeak eta edukiek Álex de la Iglesiaren bizitearen eta lanaren eragin argia dabe. Bilbotar zinemagileak Filosofia ikasi eban Deustuko Unibersidadean, eta oraindino be, autortzen dau liluratuta dagoala Ezagutzearen Teoriagaz, Metafisikeagaz eta Hermeneutikeagaz, Eranos Zirkuluagaz eta Mircea Eliaderen, Efesoko Heraklitoren, Eleako Parmenidesen, aurre-sokratikoen eta Aristotelesen idazkiakaz. Álex de la Iglesiak jasoko dau, hain zuzen, BBK Ja! Bilbao Saria. Era berean, jaialdiaren kartel mefistotelikoak haren bigarren film luzea ekarten deusku gogora, El día de la Bestia, hain zuzen be; haren filmografiaren eduki filosofikoak eta bildur-aztarnek baldintzatu dabe aurtengo gaien hautaketea.

Juan Basek zuzentzen dau Umorezko Literaturearen eta Artearen Nazinoarteko Jaialdia, eta, oraingo honetan, hamabosna topaketa antolatu ditu. Horreetan zehar, hainbat idazlek, kazetarik, historialarik, intelektualek, poetak, editorek, unibersidade-irakaslek, zinemagilek, aktorek eta komikok aztertuko dabe umoreak testuinguru eta arte-diziplina ugari eta anitzetan itxitako arrastoa.

Aurten, filosofiak, historiak, bildurrezko generoak, migrazinoak, telebistak eta zinemak bereganatuko dabe atentzinoa. Horrezaz gan, zuzenekoirratsaioak be egingo ditue, eta eskainitako egitarau osoa doban izango da.

Danetara, egitarauak bederatzi egun iraungo ditu eta horreetan zehar, berbea izango da nagusi, eta protagonistek euren jarioa eta umore-sena erakutsiko ditue, horreek baitira topaketearen ezaugarri nagusi 2010eko irailean estreinau zanetik.

Inaugurazinoa irailaren 26an izango da Euskal Museoaren klaustroan, eta hurrengo egunean emongo jako hasiera Ja! Bilbao jaialdiari, Forges gogoratzeko ekitaldi xume bategaz. Basek zuzenduko dau omenaldia, eta Berta Fraguasek, omenduaren alabeak, be parte hartuko dau. Sala BBK aretoko oihala altzau ondoren, barriketaldiak, alkarrizketak, proiekzinoak, lehiaketak eta erakusketak izango dira nagusi, Jacinto Antón kazetariaren eta Alfonso Mateo-Sagasta idazlearen arteko alkarrizketeagaz. Eretxiak trukatu eta pasadizuak kontauko deutsiez alkarri, gizateriaren historiako hainbat jazoeren oinarri umoristikoa modu entretenigarrian berrikusi bitartean. Adibide bat: Hiroo Onoda ofizial japoniarrak 1974ra arte ez eban haren herriaren suntsipena onartu II. Mundu Gerran, harik eta ofizial nagusi batek, Onodak 1944tik zelatan jarraitzen eban tokira, Filipinetara, bidaiatu eta atzera egiteko agindua zuzenean emon eutson arte.

Zapatuan, ekitaldi ugari egongo dira goiz-goizetik, izan be, Javier del Pino kazetariak A vivir (Cadena Ser) irratsaioa Sala BBK aretotik egingo dau. Kolaboratzaile eta gonbidatu askok parte hartuko dabe. Zuzeneko irratsaioa eskainiko dauen ekitaldi barritzaile horren eta Umore Grafikoaren IV. Eskola Lehiaketearen (egun horretako eguerdian izango da) ondoren, arratsaldean saio bikotxa izango da: Fernando Savaterrek eta Javier Gomák berbaldia emongo dabe filosofian, umoreak dauen presentziari buruz. Jentaurrera ekarriko ditue ironia sokratikoa, Bergson-en barrea, Voltaireren satirea eta Álex de la Iglesiak gustuko dituan beste hainbat gai. Gero, Mercedes Cebriánek alkarrizketea egingo deutso Jeanette Winterson idazle ingelesari.

Lehenengo asteari amaierea emoteko, Luz Sánchez Melladok alkarrizketea egingo deutso Javier Cansadori, Faemino y Cansado bikotearen zatietako bat eta umore zentzunik bakoaren eta adimentsuaren aitzindaria. Gaurkotasuneko gaiak aztertuko ditue, bai eta umoristearen ibilbidea be.

2010etik, Ja!Bilbao udagoienero egiten da. Aurreko edizinoetan parte-hartzaile izan dira, besteak beste, John Cleese, Joyce Carol Oates, Elvira Lindo, Tricicle, Joaquín Reyes, Miguel Zugaza, Ernesto Sevilla, Ignatius Farray, Max, Javier Cercas, James Rhodes, Mercedes Cebrián, Marta Sanz, Kepa Junkera, Imanol Uribe, Rosa María Calaf, Fernando Trueba, David Trueba, Eduardo Mendicutti, El Gran Wyoming, Jon Sistiaga, Pilar Adón, Pedro Olea, Olmo, Julian Barnes,Forges, Gallego y Rey, Isabel Coixet eta Joan Manuel Serrat.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu