Badator 'Bilbon Eskolatik Antzerkira' programea

Bizkaie! 2018-09-10 12:05   Kulturea

Maiatzera arte, Bilboko ikastetxeetako ikasleei zuzendutako 28 emanaldi eskainiko ditu programeak.

Hezkuntzarako tresna legez, Bilboko Udalak Arte Eszenikoen aldeko apustuari eutsi eta ikasturte honetan be aurrera jarraitzen dau Bilbon Eskolatik antzerkira programeagaz, honezkero ohikoa dan Eskola Antzerki Lehiaketeagaz batera. Ekimen biek 24. urteurrena beteko dabe, hasierako helburuakaz: Arte Eszenikoetarako ikus-entzule barriak trebatu eta txikienen artean antzerkiko sorkuntza lana bultzatu. Ekimenotan, konpainia profesionalek umeei zuzenduta atondutako lanen emonaldiak sartzen dira, eta bestetik sorkuntzea bultzatzen da, Bilboko ikastetxe guztientzako zabalik eta muntaketak aurrera eroan ahal izateko laguntzino ekonomikoa eta aholkularitza profesionala daben antzerki ikastaroen eta lehiaketearen bitartez.

Igaz, Bilbon Eskolatik Antzerkira ekimenaren programazinoari esker, uriko 5.700 ikasle inguruk (36 ikastetxe) loturea izan eben Arte Eszenikoakaz, euskal artista eta konpainiakaz, baita Estaduko ganerako lekuetakoakaz be. Horreen guztien bitartez, bardintasun eta askatasun balioak sustatu gura dira umeen artean.

Ikasturte honetarako 28 emonaldi programau ditue, zazpi konpainiaren eskutik. Konpainia horreek Campos Antzokian, Azkuna Zentroko auditorioan eta Otxarkoagako udaltegian eskainiko ditue euren lanak. Edizino honetan programautako konpainiak ondokoak dira: Teatre Nu, Marie de Jong, Producciones Maestras, Ados Teatroa, Teatro Paraíso eta Pantzart Teatro.

Eskolako antzerki denporaldia zemendiaren 13an inaugurauko da, Campos antzokian, Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzenduta egongo dan Madrilgo 300 Pistolas Teatro konpainiaren El lazarillo de Tormes antzezlanagaz –gaztelaniaz izango dan bakarra–, nazinoarteko AlmagrOff Lehiaketearen azken edizinoaren irabazlea. Talde artistiko horrek antzerki klasikoa ikus-entzule barriengana hurreratzeko erronkea hartu dau beregan, testuaren eta egoeren komikotasunaren aldeko apustua eginez. Lau antzezlek liburu ezaguneko parte bakotxa antzeztuko dabe, malkoak eta barre algarak, biak, sorrarazoko dituan moldaketa barri eta freskoa eskainiz.

Programautako ikuskizunen artean, Bilboko Udalak arte eszenikoen bitartez aniztasun eta balio afektibo-sexualak sustatzeko hartu dauen konpromisoagaz bat etorriz, azpimarragarria da Ados Teatroak eskainiko dauen Zapatilla gorridun mutikoa antzezlana, izan be, orain arte umeentzako kontakizunak ikuspuntu heterosexualetik baino ez ziran kontetan, baina errealidadea aldatzen dago, eta umeek bardintasuna sustatzen daben eta aniztasun afektibo-sexuala ulertzen lagunduko deutsiezan istorioak be ezagutu behar ditue.

Luisen, zapatilla gorridun mutikoaren istorioa, itxuraz mutil guztiek atsegin dituen gauzak egitea gustoko ez dauen mutilaren istorioa da. Urteak igaro ahala, amesez betetako nerabe gozoa bilakatuko da, geroago heldua izango da, maitasuna topauio dau, eta zahartzarora helduko da. Sarri askotan, Luis txakur berde edo munstro arrosa lez sentiduko da. Bere lekua topetako ezintasuna sentiduko dau. Bidea ez da beti erraza izango, baina ez dau etsiko bere buruagaz leial izateko ahaleginean. Ikuskizunaren helburua, aniztasuna gure gizartea aberastuko dauen elementu lez ulertzen laguntzea da.

Emonaldietara joateko aukerea eskaintzeaz gan –aurretik ikastetxeek erreserbea egin ondoren–, Bilbon Eskolatik Antzerkira ekimenaren barruan, sensibilizazino tailerrak eta material didaktikoak be jarriko dira irakasleen esku, taldeakaz lan egin ahal izateko ikastetxeetan bertan, eta ikus-entzule barrien trebakuntzan aurrera egin ahal izateko.

Era berean, Bilboko Udalak Eskola Antzerki Lehiaketearen beste edizino bat antolatuko dau 2018/2019 ikasturte honetan. Lehiaketearen helburu nagusia, Arte Eszenikoak ikastetxeetan tresna didaktiko lez erabiltea eta umeen artean Arte Eszenikoak sustatzea da. Holan, egokitutako lanak edo ikasleek eurek sortutakoak aurkeztuko dituen antzerki emonaldien lehiakeeta dala esan daiteke. Ondorioz, programearen osogarri egokiena da, izan be, ikasleak ikus-entzule izatetik protagonista izatera igaroten baitira.

Irabazten daben taldeentzat dirutan banatuko diran sariez gan, parte hartzen daben ikastetxe guztiek 300 euroko ekarpen ekonomikoa jasoko dabe, ikasturtean zehar egin beharreko muntaketetan laguntzeko. Modalidade bakotxeko (7 guztira) lan irabazleek diploma bat eta 300 euro jasoko ditue, eta, horrezaz gan, euren sorkuntza lana ikus-entzuleen aurrean aurkezteko aukerea izango dabe, Arriaga Antzokian ospatuko dan Eskola Antzerki Jaialdiaren barruan.

Arte eszenikoetan eta adierazpenaren pedagogian adituak diran personek osotutako epaimahaiak, ondoko alderdia sarituko ditu: lan eszeniko onena, proposamen eszeniko bereziena, alderdi teknikoei emondako konponbide onena, interpretazino onena, partaideen edadearen arabera egindako egokitzapen onena edo modalidade eszenikoak berreskuratzeko lan onena.

Lehiaketan Bilboko ikastetxe guztiek hartu ahal izango dabe parte, Ume Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, DBHko eta Batxilergoko ikasleek, 3 eta 17 urte artekoek. Egunotan, programa horreen ganeko informazino guztia jasoko dabe. Igaz, Bilboko 13 ikastetxek hartu eben parte, 23 lan aurkeztuz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu