Oronak eta Albaolak kontzertua antolatu dabe Salvamento Marítimo Humanitariori laguntzeko

Bizkaie! 2018-09-10 10:23   Kulturea

Salvamento Marítimo Humanitario-rentzat dirua batu eta erakundea ezagutzera emotea dira helburuak.

Irailaren 30ean, Pasaiako Albaola Itsas Kultur Faktorian egingo dan ongintzazko kontzertua aurkeztu dabe Orona Fundazinoak eta Albaola Alkarteak. Irabazi-asmorik bako erakundea da Orona Fundazinoa, eta haren bidez gauzatzen dau Oronak bere ingurunegaz dauen konpromisoa; Albaola Alkartea be irabazi-asmorik bako erakundea da, eta Euskal Herriko itsas ondare kulturala zabaltzea dau helburu.

Erakunde bien arteko alkarlanaren hasierearen bosgarren urteurrenean egingo da kontzertua eta Tenpora taldeak joko dau, batez be Itzulikako, bigarren diskoko, kantuak, errefuxiatuen egoereari buruzkoak eskainiko ditu, besteak beste, Lesbos eta Lampedusa. Nahi dauen guztiak emon leike dirua GKE horri laguntzeko, —kontzertura joan edo ez—. Antolatzaileen helburua da hamar euroko ekarpena egitea jesarleku bakotxeko.

Salvamento Marítimo Humanitario Gobernuz Kanpoko Erakundeari emongo jako kontzertuan batzen dan diru guztia. 2015ean sortu zan erakunde hori, Greziako krisi humanitarioa bete-betean zala, eta itsas salbamenduko lanak egiten ditu Mediterraneoan: errefuxiatuei laguntzen eta horreei jaramon egiten ibilten da, Eusko Jaurlaritzeak pleitautako ontzi bategaz.

Azken buruan, ekitaldi horren bidez, Albaolak itsas ondarea berreskuratzeko eta ingurunea jagoteko egiten dauen lana aintzatetsi nahi dau Orona Fundazinoak eta, horregaz batera, alderdi bi honeek bultzatu: kultura musikala —Tenpora taldearen kontzertua— eta gizarte-kohesinoa —Salvamento Marítimo Humanitario GKEagazko lankidetzea—.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu