375.000 lagun baino gehiago gaur 2018-19 ikasturte barriaren hasieran

Bizkaie! 2018-09-07 13:23   Kulturea

Graduko 33.000 ikaslek baino gehiagok 2018/2019 ikasturtea hasiko dabe UPV/EHUn.

2018-2019 ikasturtea gaur hasiko dala-eta, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak, Donostiako alkate Eneko Goia lagun dauela, Ikasbide Ikastola ikastetxe publikora bisitea egin dau, gaur barikua, hilaren 7an. Ikastetxe honetako Ume Hezkuntzako zein Lehen Hezkuntzako zenbait ikasgelatara bisitea egin ondoren, sailburuak ikasturte barriaren inguruko daturik esanguratsuenak eta barritasunik aitagarrienak ezagutarazo ditu: 374.957 ikasle hasi dira dagoeneko ikasgeletara joaten Euskadiko unibersidadez kanpoko ikasketa mailetan. Datu honek igoera txiki bat esan nahi dau (% 0,03koa) igazkoagaz alderatuta. Halan da be, Ume Hezkuntzako lehen zikloan (0-2 urte) jatsierea izan da aurten be, ia hiru puntuko jatsierea, azken urteetako jaiotzen beherakadaeren ondorio. Ume Hezkuntzako bigarren zikloan be (3-5 urte) matrikula beherakadak jarraitzen dau: aurreko ikasturtean baino % 2,34 gitxiago dira aurten.

Euskadiko familiek aukeratutako hezkuntza sareari jagokonez, barriz, publikoa eta itunpekoaren arteko orekeak jarraitzen dau ezaugarri nagusi izaten. Ikasleen % 50,6k sare publikoan ikasten dabe, eta ganerako % 49,4k itunpekoan. Hizkuntza ereduei begiratuta, D eredua da ikasleek gehien eskatzen dabena. Ume Hezkuntzan, ikasleen % 79,7k D eredua aukeratzen dabe, igaz baino zortzi hamarren gehiagok (+% 0,8%). Beste aldean dago A eredua: hezkuntzara sartu barrien % 3,6k aukeratzen dabe eredu hau, aurreko urtean baino bi hamarren gitxiagok (-% 0,2%).

2018-2019 ikasturtea hezkuntza-azpiegitura barriakaz hasiko da, ikasturte honetan abian jarriko diran eraikin edo eraikin-handitze barriakaz, besteak beste, honako honeek estreinauko dira: Zabalgana Institutu barria Gasteizen, Pagasarribide Institutua Bilbon, Lanbide Heziketako Migel Altuna Institutua Bergaran, edo San Adrian Institutuan eta Urdulizko Elortza ikastetxean egin diran handitze lanak.

Lan horreek guztiak Hezkuntza Sailaren 2014-2018 aldirako Azpiegitura Planean dagoz jasota. Uriarte sailburuak azaldu dau datozen hileotan aurkeztuko dala hurrengo plana, Saila horretan dagoalako lanean.

Aurkezpenean sailburuak berbagai izan ditu unibersidadez besteko ikasleak eskolatzeko bekak, eta diru-laguntzino horreetarako Hezkuntza Sailak aurten bideratuko dauen diru-kopurua bere: 55 miloe euro: 'Garrantzitsua da argitzea kopuru hori handitu egingo dogula, beharrezkoa balitz. Nabarmendu nahi dot baldintzak beteten dituen familia guztiek izango dabela jagoken laguntza ekonomikoa, horretarako beka honeetarako bideratu dan aurrekontua handitu beharko balitz be' esan dau sailburuak.


Graduko 33.000 ikaslek baino gehiagok 2018/2019 ikasturtea hasiko dabe UPV/EHUn


Datorren astelehenean, irailaren 10ean, UPV/EHUk edegiera ekitaldia egingo dau. Ordurako ikastegi guztietako ikasleak geletan egongo dira.

Matrikulazino azken bi epeak bete barik dagozan honetan, 8.281 ikasle barri matrikulau dira Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibersidadean dagoeneko, matrikulazinoaren une berean igaz izandakoak baino ia % 2 gehiago. Emakumeak dira % 55 eta gizonak, % 45. Hizkuntzeari jagokonez, horreetako % 52 euskerazko taldeetan matrikulau dira, eta % 48, gaztelerazkoetan.

Campusen arabera aztertzen baditugu ikasle barrien datuak, Bizkaikoan matrikulau dira % 55,25; Gipuzkoakoan, % 24,84; eta Arabakoan, % 19,91. Arloen arabera sailkatuta, % 44 Gizarte eta Lege Zientzietan matrikulau dira; % 22,3, Injinerutza eta Arkitekturan; % 15,4, Osasun Zientzietan; % 10 Arteak eta Giza Zientzietan; eta % 8,3 Zientzien adarrean.

2018-2019 ikasturtean, UPV/EHUk 86 gradu eskaintzen ditu hiru campusetan. Ikasturte honetako barrikuntzen artean, Injinerutza Mekanikoko eta Industria Elektronikoaren eta Automatikearen Injinerutzako Gradu Bikotxaz gan, nabarmentzekoa da Bizkaiko Campusean ibilbide duala izango daben gradu bi eskainiko dirala: Enpresen Administrazino eta Zuzendaritza Gradua eta Lan Harreman eta Giza Baliabideetako Gradua. Bi horreek gehituko jakez igazko ikasturtean eskainitako prestakuntza dualeko beste hirurei.

Kontuak kontu, ikasturteari hasierea emoteko ekitaldia irailaren 10ean izango da, 11:30ean, Areto Nagusian (Sarriena Auzoa s/n, Leioa). Ikasturte hasierako berbaldia, Stitching together our genetic patchworks Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia arloko Ana Zubiaga Elordieta katedradunaren eskutik izango da.


EKA/ACUV-en aholkuak

Ume ikasleak dituen familientzat oraingo hasierea urtarrilekoa baino gogorragoa izaten da. Ikasturtearen hasiereak gastu garrantzitsua dakar, ezinbestekoa baina arindu daitekeena izaten da zentzunez jokatuz.

Ikasturtearen kostua asko aldatzen da kasuen arabera, faktore askoren menpe baitago: eskola publikoa, kontzertatua edo pribatua bada, Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza edo Batxillergoa bada, eskolara oinez ala autobusez joaten bada, jantokirako edo garraiorako diru-laguntzetarako eskubiderik bada, liburu barriak erosten badira ala bigarren eskukoak edo truke-programetan hartzen badira, eskolaz kanpoko jarduera asko edo gitxi hartzen badira... Beraz, urtero eskolara itzultzearen kostuari buruz entzuten doguzan datuak kontu handiz hartu, aurreikuspen orokorrak baino ez diralako.

EKA/ACUV-en balioztapenek, okasinorako egindako galdeketetan eta beste batzuen inkestetan be  oinarrituta, 2018-2019 ikasturtearen kostua aurrekoarena baino % 3 karuagoa izango da: 920
bat euro eskola publikoetan, 1.680 euro kontzertatuetan eta 3.670 euro ikastetxe pribatuetan, matrikulak (kontzertatuetan eta pribatuetan), uniformeak (derrigorrezkoak ikastetxe pribatuetan), liburuak, eskolako materiala, erropea, oinetakoak, jantokia, garraioa eta eskolaz kanpoko jarduerak zerrendan sartuta.

Ikasturte osoko gastu horretatik % 35 gitxi gora behera da irailean egiten dana, gastu asko ikasturtean zehar banatzen baitira: jantokia, garraioa, jarduera asko... Irailean egin beharreko gastua, beraz, liburuak atal nagusia diralarik, 350 eurokoa izango da bataz beste Lehen Hezkuntzan hasteko dagoan ikasturte honetan, 480 eurokoa Bigarren Hezkuntzan eta 515 eurokoa Batxillergoan.


Eskolararako bueltan aurrezteko aholku batzuk

- Administrazinoek (Eusko Jaurlaritzea, Aldundiak, udalak) jantokirako, garraiorako edo bestelako gauzetarako emoten dituen bekak ezagutu eta horreetarako eskubiderik bada eskatu.

- Liburuen truke-programetan parte hartu barriak erosi beharrean.

- Udako beherapenen azken txanpea aprobetxau erropea, oinetakoak edo eskolarako materialak erosteko.

- Erosi beharreko produktuen prezioak saltoki eta auzo desbardinetan begitu eskaintza onenaren bila, beti be prezio-kalidade harremanari erreparauta eta marka ospetsuen eta modearen erakargarritasuna baztertuz.

- Interneten bidezko erosketak be baliogarriak izan daitekez .

- Gastuak ikasturtearen zehar banatu ahal dan neurrian. Ikasturte osorako erropea eta oinetakoak, adibidez, ez dira irailean derrigor erosi behar. Eskolaz kanpoko jarduera askoren ordainketea be ikasturtean zehar mailaka daiteke.

- Udal askok antolatutako jardueretaz jakin, kasu askotan ikastetxeek egiten dituenak baino merkeagoak izaten baitira.

- Ikasleen gurasoen alkartei informazinoa eta laguntzinoa eskatu, gaiotan gehien dakitenak baitira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu