'XIII. Una Ria con Duende' topaketa flamenkoak irailean Bilbon

Bizkaie! 2018-09-06 10:15   Musikea

Lehenengo hitzordua irailaren 8an izango da Arenalean María Molinaren De la Sierra a la Ría ikuskizunagaz.

Ibaiondoko barrutia aire eta erritmo flamenkoz beteko da barriro ere, zapatu honetan, irailaren 8an, Bilboko Udalak antolatutako Una Ría con Duende topaketa flamenkoak hasiko diralako. Ekimen horrek gure uriko kultur hitzordu nagusien artean finkatzea lortu dau denpora laburrean, konbidautako artisten kalidadearen ondorioz eta emonaldietara eta tailerretara gero eta jente gehiago hurreratzen dalako.

Topaketak iraila osoan izango dira 5. barrutiko–Ibaiondoko hainbat eszenatokitan eta, ohikoa danez, jantza, gitarra, kante eta txalo-konpas tailerrakaz batera, artisten emonaldiak izango dira, hilaren 8an, arratsaldeko 20:00etatik aurrera, programazinoa edegiko dauen María Molina bailaorearen konpainia berbarako. Bailaore horrek dakarren ikuskizuna flamenkotik ibilbidea da, estilo aniztasunetik eta koloreetatik planteauta eta, aldi berean, arte horrek gordetako esentziei eutsiz; aurten, Ángel Velázquez gitarrista beteranoak lagunduta egongo da.

Programazino eszenikoak irailaren 15ean jarraituko dau Bidebarrietako Liburutegian, De buena rama kante flamenko ikuskizunagaz, José Vital El Caramelo eta Laura Vital artisten eskutik. Belaunaldi bi agertokian, ikus-entzuleei euren leinuaren arimea erakutsiz. Gitarra birtuosoak lagunduta, Laura Vitalen eta bere aitaren ahots bikainak, indartsuak, bidea eregiko dabe Cadizeko lurreko kanteetatik geografia flamenkoaren beste leku batzuetara. Kontzertua dobakoa izango da, baina konbidapena hartu beharko da liburutegian bertan, ikuskizuna hasi baino ordubete lehenagotik aurrera.

Irailaren 22a Ángela Carbajoren flamenko konpainiaren txandea izango da, izan be, Arenera lana aurkeztuko dau, jaioten ikusi eban lurrean flamenkoa sentidu eta arnasten dan moduaz jaubetzeko ikuskizuna. Haren jantzearen magia musikari bikainek aberastuko dau. Emonaldia Atxuriko Gizakundearen Eleizan izango da, 20:15ean.

Una Ría con Duende ekimenaren 2018ko edizinoak Bilborock aretoan emongo deutso amaierea programazinoari irailaren 29an, arratsaldeko 20:00etan, Raúl El Perla gitarristeagaz eta Luis Peña kantaore eta bailaoreagaz.

Azken urteetan Farruquitogaz jantza flamenko konpainiako kide garrantzitsuenetakoa bilakatu ondoren, Raúl El Perla-k bakarkako bere lehenengo lana ekarriko dau Bilbora, Un ole a tiempo. Konpasez betetako erabateko tokeak Sevillako artista talde bati lagunduko deutso, tradizinoz betetako Javier Herediaren eta El Purili-ren ahotsakaz eta Luis Peñaren jantzakaz. Ikuskizun horretarako sarrereak 10 euro balioko ditu, eta txarteldegian erosi ahal izango da ikuskizuna hasi baino ordubete lehenago eta aurretiazko salmentan kulturabarrutik.eus webgunean eta Power Records-en.

Beste alde batetik, irailean gitarra, txalo eta konpas, kante eta jantza flamenko tailerrak be izango dira San Frantziskoko Udaltegian, hasierako mailan, maila ertainean eta aurreratuan, ibilbide eta esperientzia luzeko irakasleakaz.

Programazinoaren osogarri, Ibaialdeko udal liburutegiak 6 eta 10 urte arteko umeei eta euren gurasoei zuzendutako saio didaktiko bat jasoko dau irailaren 27an, arratsaldeko 18:00etatik aurrera. Eduardo Floridok dinamizauko dauen saioaren helburua, partaideak flamenkoaren munduan sartzea da: konpasa, gitarrearen tokea eta kantearen magia, estilo alaienen, koloredunen eta jai girokoen bitartez adierazota. Horrezaz gan, irailaren 25ean, 19:00etan, Bilbao Musikak El flamenco y otras músicas izeneko kontzertu didaktikoa eskainiko dau, flamenkoak musikako beste estilo batzuekaz dituan hartu-emonak eta loturak erakusteko.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu