BilbaoDendak-ek iraileko barikuetarako ibilbideak dakarz
2018-09-06 11:54 KultureaIbilbideak dobakoak dira eta ez dago izena emon beharrik.
Hemen Go Shopping ibilbideek, BilbaoDendak alkarteak antolatu eta jatorrizko saltoki ezagunen sekretuak erakusten dituenak, zabalik jarraituko dabe irailean. Garagarrilean eta abuztuan antolatutako ibilbideek izan daben onarpen zabala dala eta, hilebete honetan barikuetan egingo dira: 7, 14 eta 21 egunetan, arratsaldeko bostetan, abiapuntu bitan: Arrese gozotegian, Alde Zaharrean, eta Don Manuel gozotegian, erdialdean. Izena emoteko beharrik ez daben dobako ibilbideak dira, eta saltokiak aldatzen joaten diranez, ibilbide bakotxa bakarra da.
Establezimendu bakotxaren arduradunak negozioaren dendaostea erakutsi, eta haren jarduerearen inguruko bitxikeri nabarmenenak azaltzen ditu; beraz, Hemen Go Shopping ekimenak, bilbotar zein bisitariei, uria eta bere bazterrei buruz gehiago jakiteko aukerea emoten deutse saltokien bitartez; Egunero zenbait saltokien aurretik ibilten gara familia-negozio bati belaunaldiz-belaunaldi eusteak duen konpromisoaz jaubetu barik edo saltokien jatorri eta bilakaereak Bilboren historia islatzen dauela, edota hain gatxa dan sektore honetan egunero barritzailea izatea suponiduten dauena kontuan izan barik.
Ibilbideetan ibilitakoek ibilbideak sorpresa gastronomikoakaz amaitzen dirala azpimarratzen dabe, emakumeen izena dituen gozoki, artisau-garagardao edo tradizinoko buzkantzak gozetako aukerea izan dabe, gusto berezietako izozkiak probeteaz gan. Ganera, Arrese, Xabier Olañeta, Falstaff, Hermann Thate, Erlai edo López Oleaga lako saltokietan familia-legatuari deutsien maitasunagaitik harritu egiten dira, Basqueryk garagardao tradizinoari daukotson errespetuagaitik edo Ivañez turroi-dendeak dauen historiagaitik be; Mercedes de Miguel, Zergatik edo Don Manuelen arima barritzaileaz edo Eguzkilorek euskal mitologian dauen inspirazinoaz txundituta agertu dira.
Hemen Go Shoppingek hiru ibilbide antolatu ditu, horreetako bakotxa gai nagusi bati bideratuz; Euskal ibilbideak bertoko dendek eskaintzen dituen made in Euskadi produktuen aniztasuna aurkezten dau, Athletic Club, Arrese gozotegia, Eguzkilore bitxitegia eta Gelati Gelati izozki-dendea, horreen artean; Moda ibilbideak Bilbora marka espezializadu apartenak ekarten dituen saltokiak aurkezten ditu, Erlai perfumeria edo Rafael Matias ehun-dendan egiten daben legez, Mercedes de Miguel edo Zergatik berezko marken diseinua ahaztu barik; eta azkenik, Gourmet ibilbideak, berezkoak diran elikagai produktu espezializaduak dituen establezimenduak batzen ditu, besteak beste, Ivañez turroi-dendea, Bizkarra okindegia edo La Moderna urdaitegi alemaniarra.
Ibilbideak Eusko Jaurlaritzearen Merkataritza eta Turismo sailaren laguntzinoagaz antolatu diranak, Hemen Go Shopping ekimenaren barruan dagoz, dagoeneko Bilboko arimadun dendak aurkezteko Local is better lemapean argitaratutako gidakaz bat eginez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!