Lehenengo diskoa plazaratu dau Sonakay taldeak

Bizkaie! 2018-09-05 11:16   Musikea

Lau euskal abesti ezagunen bersinoak egin ditue, besteak beste.

Sonakay taldeko bost kideak | Ikusi handiago | Argazki originala

Azkenaldion ezagun egin da Sonakay talde donostiarra, euskaldunen eta ijitoen ondare musikalak buztartzeko egindako ahaleginagaitik eta telebistako saio baten izandako parte-hartze bikainagaitik. Hortaz, lehenengo diskoa plazaratu dabe, Sonakay denontzat izenekoa. Euskal ikutuko flamenkoa topauko dau musikazaleak. Mutrikuko AME estudioetan grabau dabe eta irailaren 17an helduko da dendetara.

Zazpi kanta dakarz disko barriak. Horreetako hiru taldearen errepertoriotik hartu ditue. Beste laurak euskal musikari ezagunen bersinoak dira: Benito Lertxundiren Loretxoa, Urkoren Lehenengo ikasgaia, Pier Paul Bertzaitzen Denborareki eta Mikel Laboaren Txoria txori. Azken horren bersinoa telebistako saioan kantau eben eta, Laboaren eta Joxan Artzeren sorkuntzea ijitoen musikeagaz buztartzeko trebetasunagaitik, publikoaren oneretxia jaso eban.

Honeek dira, gaur egun, Sonakayko kideak: Jonatan Camacho Yoni (ahotsa), David Escudero (lehen gitarrea), Ramón Velez (bigarren gitarrea), José Luis Jiménez (baxua) eta David Bernárdez (perkusinoa). Disko barriaren inguruko azalpenak emon ditue bideo baten.

CDaren azalean txori baten irudia agiri da, txantxangorria hain zuzen. Laboaren Txoria txori abestiari omenaldia egin nahi izan deutsie eta, ganera, Sonakay taldeko kideen berezitasun nagusiak oso modu egokian irudikatzen ditu: doinua melodikoa, eta, era berean, lagunartekoa, lotsabakoa eta kuriosoa.

Disko barria aurkezteko hainbat kontzertu joko ditu Sonakayk. Urriaren 5ean Donostiako La Cripta-Convent Garden aretoan egongo dira eta 11n Madrilera joango dira. Urriaren 18an Bilboko Cotton Club aretoan joko dabe eta zemendiaren 8an, Iruñeko Zentralen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu