Bilboko udaltegiek beste 8 pintura eta argazki erakusketa ibiltari jasoko ditue

Bizkaie! 2018-09-03 10:40   Kulturea

Expodistritoren helburuen artean arte adierazpenak deszentralizau eta ikusleei artista gazteen lanak aurkeztea dagoz.

Expodistritok Bilboko barrutietako Udaltegietan eskainiko dan aldi baterako erakusketa zikloak, astelehenean, irailaren 3an, inaugurauko dau urteko laugarren hiruhilekorako programea.

Oraingo honetan, Abandoko –Elkano, 20–, San Inazio-Ibarrekolandako, Otxarkoagako, Begoñako, San Frantziskoko, Castañoseko, Burtsako eta Errekaldeko udaltegietara hurreratzen diranek, hainbat pintura estilo, teknika eta gai landuz egindako bost pintura erakusketaz eta hiru argazki erakusketaz gozau ahal izango dabe. Horrezaz gan, urrian Bilboargazkiaren programazinoa gehituko jake.

Urteko azken hiru hilebeteotako Expodistritoko programea iraileko lehenengo hamabostaldi honetan hasiko da, hiru pintura erakusketagaz, eta argazki erakusketa bigaz, Begoñako, Otxarkoagako, Castañoseko, Errekaldeko eta San Inazio – Ibarrekolandako udaltegietan. Esangura horretan, San Inazio-Ibarrekolandako udaltegiak, Iñaki Bengoetxea Jaio arte plastiko irakasleak sinatutako margolan erakusketea jasoko dau; bere lanetako gaiak paisajeak dira ia beti, eta horreetan esperimentau egiten dau, irudiak moztuz eta koloreak aldatuz, irudia-hondoa espazio anbiguotasun efektuak sortzeko. Forma geometriko sinpleak be erabilten ditu lanak egituratzeko, paisajearen forma organikoakaz parekatuz.

Castañoseko Udaltegiak, barriz, Juan Carlos Pérez Usandizaga artistearen erakusketa bat jasoko dau hileko lehen hamabostaldi honetan, bizia eta naturea bereiziezinak diran margolanen aukeraketeagaz. Lehenengoa, existiduten dan guztiaren hari gidari lez, eta bigarrena, hori guztia lotzen dauen aramo-sarea. Orain, bilduma abstraktuagoa dakar, izakera figuratiboagoa daben beste artelan batzuekaz batera.

Hamabostaldi honetarako programautako azkenengo pintura erakustaldiak, Errekaldeko Udaltegian ikusi ahal izango danak, Marta Clavero Reyesen paisaje bildumea jasoko dau; gailuen pantailan ezustean sartzen diran paisajeak dira, baina horreen lekua ez da hori, dagozan lekuan dagoz, hemen doguzanak irudia, ilusinoa, baino ez dira. Erakusketea irailaren 28ra arte bisitau ahal izango da, eta urrian San Inazio-Ibarrekolandako udaltegira joango da.

Hiru pintura erakusketa horreez gan, beste horrenbeste argazki erakusketa programau dira. Burtsako Udaltegiak Lea Tyrallová argazkilari eslovakiarraren Zážitky erakusketea jasoko dau astelehenetik aurrera. Bilduma horrek irudiak ulertzeko moduan sakontzen dau; ikusleei galdera egiten deutse, berehalako interpretazino emozionalari jagokonez. Kolorearen –eta horren faltearen– erabilereak, beroaren eta hotzaren, gertukoaren eta ezezagunaren arteko irakurketea ezartzen dau, intuizinoan eta pertzepzinoan oinarrituta.

Beste alde batetik, Begoñako udaltegiak, protagonista Kantauri itsasoa izango dauen Manu González Vidalen erakusketea jasoko dau. Artisteak azaltzen dauenez, Kantauri ez da gure begiradearen iparraldean, euskaldunen, kantabriarren, asturiarren eta gailegoen iparraldean, dagoan itsasoa, bere ur hotzakaz indarrez besarkatzen gaituen, hatxak irudikatzen dituan eta gure izakera lantzen dauen itsasoa be bada. Bilduma Burtsako Udaltegian bisitau ahal izango da urrian.

Hilebete honetan Expodistrito edegiko dauen programazinoa, Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformeak bultzatuta migratzaileek eta errefuxiatuek Europan bizi daben egoereari buruz Abandoko Udaltegian egingo dan erakusketeagaz osotuko da. Ekimen horrek emigrazinoa nahitaezkotasunera bultzatutako personen errealidadera hurreratu gura ditu herritarrak: Gatazka armatuak, pobrezia, habitat naturalen suntsikeeta bertako lehengaiak osyuteko, pentsamendu, erlijino edo sexu orientazinoaren ondoriozko jazarpenak, erregimen autoritarioak... Horreetatik guztietatik egiten dabe iges persona horreek.

Programaziotik kanpo dagoan arren, urrian udaltegiek Bilboargazkiren beste edizino bateko zenbait erakusketa jasoko ditue. Erakusketa horietan nazino eta nazinoarte mailako erreferentziazko argazkilarien lana ezagutzeko aukerea emoten da. Horrezaz gan, abenduan, Juan Armentia argazkilariak Guerreros de seda lana erakutsiko deutse ikusleei, Abandoko udaltegian.

Irailaren 18an, beste pintura erakusketa bat inaugurauko da Abandoko Udaltegian, hainbat teknika erabiliz José Alberto Eguiluzek egindako lanakaz. Betidanik marrazki zalea izanda, siderurgia sektorean aurre erretirau eta gero, pinturara bideratu zan, ikatzez, arkatzez, pastelez eta akuarelez egiten dituan paisajeakazko jokera bereziagaz.

Urteko azken hiruhilekorako programazioa, hiru emakumeren lanak bilduko dituen pintura erakusketa bategaz osotuko da: Arantze Arzua, Itxaso Manzano eta Marga del Rey. Bakotxak bere ibilbidea egin dauen arren, arte zaletasunak batzen ditu. Berreginen Museoan eta Bilboko “La Taller” izenekoan lan egiten dauen taldea osotzen dabe. Hirurek, bereizitako sektoretan eta teknika desberdinakaz, azken bi urteetan sortutako lanak eta erakusketa honetarako beren beregi egindakoren bat dakarre. Ohiko atzera begirako bat baino gehiago, azken lanen arteko ezusteko loturak ekarriko dituan instalazino bateratua da. Erakusketea Castañoseko Udaltegian egongo da ikusgai urriaren 2tik aurrera.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu