Korrontzi, Eleftheria Arvanitaki, Txarango eta Fairport Convention, 34. Getxo Folk-en
2018-08-30 11:35 MusikeaProgramazino zabala atondu dabe irailaren 13tik 16ra.
Getxoko Udalak 34. Getxo Folk BBK jaialdiko programazinoa aurkeztu dau. Lau egunez, irailaren 13tik 16ra, hamar kontzertu eta jarduera osogarri ugari egongo dira herritar eta bisitarien eskura. Musika emonaldiak Areetako Geltoki plazan izango dira eta lau kontzertu nagusietarako goi mailako izarrak ekarriko ditue, bertokoak zein kanpokoak: Korrontzi, Eleftheria Arvanitaki, Txarango eta Fairport Convention. Iluntzeko 20:30ean hasiko dira emonaldi horreek.
Donostiako Zinemaldian proiektauko dan Basque Selfie pelikulearen soinu-bandea aurkeztuko dau Korrontzik Getxon, jaialdiaren lehenengo egunean. Iruñeko Hiria Orkestreak hainbat jantzari eta Óscar Ibáñez, Xabier Berasaluze Leturia eta Garikoitz Mendizabal musikariak izango ditu alboan Areetako oholtzan. Bigarren egunean, Txarango, Kataluniako eszenako talde esanguratsuenetako bat, helduko da Getxo Folkera. Erritmo katalanak eta doinu karibear, latinoak eta mediterraneoak buztartzen ditue indar handiko zuzeneko saioetan. Getxon hiru euskal musikarigaz joko dabe: Pello Reparaz (Vendetta), Xabi Solano (Esne Beltza) eta Zuriñe Hidalgo (Hesian).
Eleftheria Arvanitaki izango da hirugarren eguneko kontzertu nagusiko izarra, Greziako musikearen ahots handien artean nabarmena. Dynata Tour birea egiten dabil eta irailaren 15eko kontzertuan bere kanta famatuenak eta abesti barriak eskainiko ditu. Azkenik, hilaren 16an, Fairport Convention egongo da Getxon, folk-rock britainiarraren talde aitzindaria. 50 urteko ibilbidea ospatzen dabiz.
Arratsaldeko kontzertuetan be (18:30ean hasiko dira) egongo da non aukeratu: Olatz Zugasti, Manuel Luna, Lulavai eta Ghost Number & His Tipsy Gypsies. Gauekoetan (23:00), saio bi antolatu ditue: Irailaren 14an Sherpah egongo da oholtzan eta 15ean, Nogen. Arratsaldeko eta gaueko kontzertuak doban dira. Nagusietan, ostera, sarrerea pagau behar da eta abonamendua be atera dabe, 45 euroren truke lau emonaldiak entzuteko.
Jarduera osogarrien artean, antzerkia, tailerrak, alkartasun gunea eta abar dagoz. Ganera, kaleko musikea bultzatzeko asmoz, banden desfileak egingo ditue. Inguruko hainbat taldek ez eze, Frantzia eta Eskoziatik etorritakoek be parte hartuko dabe. Areeta, Romo eta Algortatik ibiliko dira giroa alaitzen, eta Bilbora be egingo dabe osterea.
Ikusi egitaraua hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!