Judi Dench omenduko dau Zinemaldiak

Bizkaie! 2018-08-28 12:57   Zinemea

Donostia Saria emongo deutsie aktore britainiarrari.

Judi Dench (argazkia: Zinemaldia/Sarah Dunn) | Ikusi handiago | Argazki originala

Trevor Nunn zuzendariaren Red Joan filma proiektauko dabe 66. Donostiako Zinemaldian, irailaren 25ean. Horren aurretik, Donostia Saria emongo deutsie Judi Dench (York, Ingalaterra, 1934) aktore beteranoari. Izan be, aitatutako pelikulan bizimodu lasaidun emakume baten azalean agiri da, baina bat-batean aldatuko da hori, Sobiet Batasuneko zerbitzu sekretuei informazinoa emotea leporatzen deutsienean. Denchen lanik barriena da Red Joan, 20. mendearen erdialdean hasitako ibilbide oparoan beste pausu bat.

Oholtzan zein pantaila handian ibilbide luzea dauen arren, baina, Judi Dench sekula ez da egon Donostiako Zinemaldian orain arte. Hartara, Donostia Saria emonda, aspaldiko zorra kitatuko dau jaialdiak eta merezidutako omenaldia egingo deutso aktore ingelesari. Britainia Handiko zinemagintzearen arpegi ezagunenetako bat izan da azken hamarkadetan eta film ezagun ugaritan ikusi ahal izan dogu.

Zazpi aldiz izentau dabe Judi Dench Oscar Sarietarako, eta horreetako bat irabazi eban, Shakespeare in Love komedia erromantiko historikoan Elizabeth I.a erreginaren papelean egindako lanagaitik. Shakespearegaz lehendik be lotura handia eukan Denchek, antzokietan beharrean hasi zanetik haren pertsonaia asko hazur-mamitu zituan eta.

Zineman 1964an egin eban debuta eta, besteak beste, Stephen Frears, James Ivory, Kenneth Branagh, Franco Zeffirelli, Sally Potter, Clint Eastwood eta Sam Mendes zuzendarien esanetara jardun dau. Mende erdi baino gehiagoko ibilbidearen ostean, gogotsu segitzen dau eta datorren urtean Kenneth Branaghen azken lana, Artemis Fowl, eta Andy Goddarden Six Minutes to Midnight protagonizauko ditu.

2018an Donostia Saria jasoko daben hiru artistaren barri emon dau dagoeneko Zinemaldiak: Hirokazu Kore-eda zuzendari japoniarra, Danny DeVito aktore amerikarra eta Judi Dench aktore ingelesa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu