Danny DeVitori Donostia Saria emongo deutsie
2018-08-20 12:55 ZinemeaSmallfoot filma aurkeztuko dau Zinemaldian aktore, zuzendari eta produktore amerikarrak.
Ia bost hamarkadako ibilbide zinematografikoa aintzat hartuta, omenaldia egingo deutso 66. Donostiako Zinemaldiak Danny DeVito aktore, zuzendari eta produktore estadubatuarrari. Aurtengo edizinoko Donostia Sarietako bat emongo deutsie irailaren 22an eta, biharamaunean, hilak 23, Smallfoot proiektauko dabe Belodromoan, DeVitoren lan barria.
1944an jaio zan Danny DeVito, Neptune urian, eta zineman, antzerkian zein telebistan agertu da, pertsonaia gogoangarrien azalean. Besteak beste, One Flew Over The Cuckoo’s Nest, Terms of Endearment, Romancing the Stone, Twins, Ruthless People eta Tin Men pelikuletan parte hartu dau eta haren pertsonaia ikoniko bi dira Pinguinoa (Batman-en) eta Arnold Schwarzeneger-en bikiarena.
The War of the Roses (1989), Hoffa (1992), Death to Smoochy (2002), Throw Momma from the Train (1987), Curmudgeons (2016), Duplex (2003), The Ratings Game (1984) eta The World’s Greatest Lover (1977) zuzendu ditu, besteak beste, eta produktore lanetan ibili da, zuzendari ezagunen filmak bultzatzen. Urrezko Globoak eta Emmy sariak irabazita ditu eta Oscarra irabazteko hautagai izana da.
Hori gitxi ez, eta ahots-aktore be ibili da DeVito, hau da, marrazki bizidunetako pelikuletako pertsonaiei ahotsa jarten. Esate baterako, Donostian aurkeztuko dauen film barria, Smallfoot, animazinozkoa da eta bertan entzun geinke bere ahotsa.
Zinemaldiko arduradunek, orain arte, 2018an Donostia Saria jasoko daben artista biren barri emon dabe. Danny DeVito alde batetik, eta Hirokazu Koreeda bestetik, orain dala aste batzuk jakin eragin ebenez. Irailaren 22an emongo deutsie saria DeVitori, Kursaalean, Rodrigo Sorogoyenen El Reino pelikulearen proiekzinoaren aurretik. Koreedari 23an emongo deutsie, leku berean.
Zinemagintzearen izar handiek egindako ekarpena txalotzeko sortu zituan Donostiako Zinemaldiak Donostia Sariak, 1986an. Harrezkero, urtero ospe handiko artistak saritu izan ditue. Berbarako, igaz Agnès Varda, Monica Bellucci eta Ricardo Darín.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!