Amaitu dira 2018ko Bertso Udalekuak
2018-08-28 08:49 BertsolaritzeaDanetara, 200 lagun inguruk hartu dabe parte.
Garagarrilean hasitako bidea asteburuan amaitu dabe gazte bertsozaleek. Izan be, aurtengo Bertso Udalekuetako azken txandea egin dabe Arabako Zuhatzan abuztuaren 20tik 24ra. Orain balantzea egiteko momentua da. Zenbakiei jagokenez, behinik behin, nabarmena izan da 2018koa: Gazte eta hezitzaileak kontuan hartuta, 200 bat lagunek hartu dabe parte, bost txandatan banatuta.
Baina balorazino kuantitatiboa da adierazgarriena eta, kasu horretan be, Bertsozale Alkarteak pozik egoteko moduko lehenengo balorazino bat egin dau, oroitzapen ederrak egon dirala aitatuta. Urtero moduan, bertsolaritzea, ahozkotasuna, lagunarteko hartu-emonak eta aisialdiko ekintzak izan ditue bidaide parte-hartzaileek.
Orion, Irañetan, Muxikan, Idauze-mendin eta Zuhatzan egin ditue aurtengo Bertso Udalekuetako bost txandak. Azkena, Zuhatzakoa, 9 eta 11 urte bitarteko neska-mutilentzat izan da, hau da, gazteenentzat. Zuhatzako ugartearen bereizgarri diran ur-ekintzak egiteaz gan, ahozkotasunaz eta bertsolaritzaz gozetako aukerea izan dabe neska-mutilek eta horretarako aditu eta aritu diranak joan jakez bisitan: tartean, ohikoa dan bertso-saioa eskaini eben Maddalen Arzallusek eta Xabi Igoak.
Gazteen artean bertsozaletasuna bultzatu, Euskal Herri osoko bertsolari gazteen arteko hartu-emonak sendotu eta bertsoaren bidez astialdirako aukerak eskaintzeko asmoz, Bertsozale Alkarteak urtero antolatzen ditu Bertso Udalekuak. Dagoeneko hamarkada bi daroaz horretan, lehenengo edizinoa 1998an egin zan eta, Hazparnen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!