Parte-hartze handia 40. Aste Nagusian

Bizkaie! 2018-08-27 13:03   Kulturea

Jentearen erantzun bikaina eta giro ona azpimarratu ditue Konparsek zein Bilboko Udalak.

Argazkiak: Bilboko Udala | Ikusi handiago | Argazki originala

Edizino berezia izan dau aurten Bilboko Aste Nagusiak, 40. urteurrenekoa hain zuzen. Eta, Udalaren zein Konparsen balorazinoak ikusita, badirudi jenteak gogoz erantzun dauela. Egitarauko ehundazak ekintzak kontuan hartuta, 1,5 miloe lagunek parte hartu dabe jaietan, Udalak zabaldutako datuaren arabera. Horrek 80 miloe euroko eragin ekonomikoa izan ei dau.

Kontzertuetan, danetara, miloe erdi lagun inguru egon dirala zabaldu dau Udalak. Su artifizialek, gauero-gauero, 100.000 ikusle inguru batu ditue. Hain zuzen be, XXVIII. Su Artifizialen Bilbo Uria Nazinoarteko Lehiaketea Italiako Poleggi pirotekniak irabazi dau.

Konparsek be datu ikusgarriak zabaldu ditue. Jarduera gehien-gehienak oso jentetsuak izan dirala nabarmentzeko, lehiaketa gastronomikoen datu batzuk emon ditue: 617 lapiko aurkeztu dira, tartean 317 tortilla, 47 marmitako, 50 txipiroi-kazola, 117 makailao-kazola...

Kirol arloan be, parte-hartzaile ugari egon dira. Hiri Krosean 1.915 lagunek emon eben izena. Bestetik, euskerearen aldeko konpromisoa hartu dabe 5.000 personak, Aste Nagusian nirekin euskaraz txapak jantzita.

Danetara, dobako 545 ekitaldi antolatu ditue Konparsek eta bi baino ez dira bertan behera geratu: Nasapuntakoa, itsasadarraren urak egun haretan kolore eskasa eukalako; eta aire zabaleko zinemea, Udalagaz gorabehera batzuk egon ziralako.

Konbidau astunak be izan ditue txosnagunean, Konparsek salatu dabenez. Udaltzainen presentzia larregizkoa eta deserosoa izan dala uste dabe, eta jaigunearen militarizazinoa baztertzeko eskatu deutsie Udalari. Aste Nagusiko alderdi negatiboenari emoten jakon Bandera Marroia Tomás del Hierro segurtasun arloko zinegotziari emotea erabagi dabe. Udalak erantzun dau herritar askoren eskaria izan dala agente gehiago ipintea, segurtasuna hobetzeko.

Jaigunean nahi ez dituen beste batzuk erasotzaileak dira. Eraso sexista bat baino gehiago egon da jaigunean eta, kasu horretan, Konparsek eta Udalak bat egin dabe halako portaerak txarresteko orduan. Udalak lau eraso matxista aitatu ditu, hiru lekutan, Urkixo Zumardian, Sendejan eta Arenalean. Ustezko erasotzaileetako bat atxilotu egin dabe. Beste alde batetik, udaltzain bati eraso egin deutsiela be azaldu dau.

Marijaia erre eta 2018ko Aste Nagusia amaitu da, hortaz. Urteurren biribila parte-hartze handiz eta giro parebakoaz jantzi dabe bilbotar zein bisitariek eta, orain, 41. edizinoa preparetan hasteko momentua heldu dala adierazo dabe Konparsek. Aurtengoaren errautsetatik jaioko ei dira hurrengo ospakizunak: Santo Tomas, Aratusteak, 2019ko Aste Nagusia eta abar.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu