Rafael Cazarin EHUko ikertzaileak Ivan Varga saria irabazi dau Kanadan

Bizkaie! 2018-08-23 13:35   Kulturea

Nazinoarteko Soziologia Alkartearen saria da hori, doktore barriei zuzendua.

Rafael Cazarin (argazkia: ERAPI/Institut d'Estudis Catalans) | Ikusi handiago | Argazki originala

Rafael Cazarin EHUko doktore eta ikerlaria saritu dau Nazinoarteko Soziologia Alkarteak, Kanadako Toronto urian egindako ekitaldian. Ikertzaile gazteei emoten deutsien Ivan Varga saria irabazi dau, lau urtez egindako ikerketa konparatibo bati esker. Komunidade erlijiosoen rola Saharaz azpiko Afrikako etorkinen integrazino sozialean, Bilbon eta Johannesburgen, horixe aztertu dau, eta doktore tesia be gai horren ingurukoa egin dau.

Ikerketeak erakusten dau zein garrantzitsua dan migrazinoetan erlijino aniztasuna bermatzen daben politikak indarrean egotea, migratzaileek euren integrazino estrategiak garatzeari begira, eta estrategiok kontu ekonomikoetatik harago doaz, zerikusia dabe alderdi psikosozialakaz eta kidetza sentimenduakaz, azaldu dau Rafael Cazarinek. Lanak badauka ikuspegi konparatibo bat, Bilboko eta Hegoafrikako kasuak alderatzen ditualako.

Cazarinen tesia EHUren doktorego tesien sari berezia eskuratzeko hautagai izango da datorren urtean. Horren aurretik, baina, nazinoartetik heldu jako onespena, Ivan Varga sariaren bidez. Erlijinoak mundu modernoan daukan egitekoa aztertzen daben ikertzaile gazteei zuzendutako saria da.

Toronton egindako ekitaldian, Jim Spickard soziologo estadubatuarrak emon deutso saria Cazarini, Nazinoarteko Soziologia Alkarteko buruak. Suedia, AEB, Brasil eta Australiako lau adituk osotutako talde batek aukeratzen ditu sarituak, eta horretarako kontuan hartzen ditu hautagaien nazinoarteko argitalpenen kopurua, hareen curriculuma eta idatzitako artikulu bat, erlijinoa XXI. mendean ulertzeko kontzeptu, teoria, metodo edo analisi soziologiko barriak agertzen dituana.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu