Uribarri konparseari emon deutsie dekorazinorik onenaren Kanpaia

Bizkaie! 2018-08-23 10:18   Kulturea

Eulia, ostera, Satorrak-en txosnearentzat izan da.

Uribarrikoak, Kanpaia sariagaz, Marijaia lagun (argazkia: Uribarri Konparsea) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Konparsek urtero aukeratzen dabe dekorazinorik dotoreena daukan txosnea, baita eskasena be. Kanpaia eta Eulia dira sariok, hurranez hurran. Herritarren arteko botazino baten bidez aukeratzen ditue eta, behin emoitzea ezagututa, kalejiran joaten dira konparsakideak, irabazleari Kanpaia emotera eta dekorazino txarrenagaitik boto gehien jaso dituenari Eulia emotera. Giro onean egiten dan ekitaldia da, azken baten. Marijaia, txupinerea eta pregoilaria egon dira kalejiran.

Aurtengo Aste Nagusia berezia da, 40. edizinoa bete dauen ezkero, eta urteurren hori gogora ekarten dauen konparsa baten alde egin dabe herritarrek botoa emoteko orduan. Uribarri konparsea, hau be 40 urte bete barritan, izan da Kanpaia sariaren irabazlea, jaien lau hamarkadako ibilbideari omenaldia egiten deutsan dekorazinoari esker. Botoen % 38,21 eskuratu ditu.

Marijaia, 1978an, Dyane urdin baten agertu zan lehenengoz eta horri erreferentzia egiten deutso Uribarriren txosnearen horman egindako marrazki batek. Lehengo eta gaurko Aste Nagusietako kartelak, 40 urte bete dituen konparsen logotipoak, 1978ko Bilboren paisaje marraztua... Danetarik jarri dabe dekorazinoan. 2007tik Kanpaia irabazi barik egon da Uribarri.

Satorrak konparseak atondutako dekorazinoak, ostera, ez ditu herritarrak gustora itxi, itxura danez, izan be, Eulia saria emon deutsie. Kasu honetan be, Aste Nagusiaren 40 urteak gogoan izan ditue Satorrak-ekoek, baina ez dabe jaizaleen oneretxia lortu.

Aste Nagusia amaitu arte, hau da, domekara arte, euren txosnan ipinita eukiko ditue Kanpaia eta Eulia, bai Uribarrik eta bai Satorrak-ek be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu