Bilboko ikasleek diseinautako autoa Bartzelonan lehiatuko da
2018-08-22 12:52 KultureaEHUren Injineru Eskolakoek beste 66 unibersidadetako aurkariak izango ditue Formula Student lasterketan.
Orain arteko arrakasteari eusteko asmoz heldu da Bartzelonara EHUren Bilboko Injineru Eskolakoen autoa, Formula Student kategorian Montmeló zirkuituan jokatuko dan lasterketarako prest. Izan be, euskal ikasle gazteek diseinau eta eregitako autoak hainbat sari eskuratuak ditu dagoeneko: Ingalaterrako Silverstone zirkuitu ospetsuan, esate baterako, Business Case atalean irabazi eban, bigarren urtez erreskadan.
Oraingoan, beste zirkuitu mitiko baten ikusiko dogu Injineru Eskolakoen autoa, Bartzelonako Montmeló-n, hain zuzen. Abuztuaren 23tik 26ra bitartean izango dira lasterketak eta euskaldunek lehia bizia eukiko dabe: Hamar herrialdetako 66 unibersidadetako autoek hartuko dabe parte. Danetara, mila ikasle inguru ibili dira autoak diseinau, garatu eta eregiten.
Formula Student Bizkaia taldeko kideen helburua goiko postuetan amaitzea da, eta orain arteko lana hobetzea, ahal bada. Esperientzia lagun izango dabe, Bartzelonako lasterketan zortzigarren aldiz parte hartuko dabe eta. 2014, 2015 eta 2016ko edizinoetan ibilgailurik eraginkorrenaren eta Espainiako autorik onenaren sariak irabazi zituen Bilboko Injineru Eskolakoek Bartzelonan eta aurten barriro bihurtu nahi dabe Espainiako erreferente.
Formula Student zirkuitua injinerutzea ikasten dabizanei trebakuntza praktikoa emoteko proiektua da. Hartara, ikasleak eurak dira diseinatzaile eta plangintza guztiaren arduradun. Bartzelonan, lasterketak hasi aurretik, euren diseinua aurkeztuko dabe ikasleek, negozio-plan eta guzti. Fase hori gainditzen dabenek, bira azkarraren probea egingo dabe, lasterketa nagusian urteteko hurrenkerea zehazteko.
Domekan, hilak 26, jokatuko da lasterketa nagusi hori. 22 kilometroko ibilbidean, autoen erresistentziak zeresana izango dau, kanpoko laguntzino barik lehiatu beharko dira eta.
Aurten, Formula Student Bizkaia taldean 45 ikasle eta Injineru Eskolako lau irakasle dagoz. Karbono-zuntzez egindako eta 230 kiloko auto elektrikoa sortu dabe, gehienez be orduko 110 kilometroan ibilten dana. Diseinurako, eraikuntzarako eta Ingalaterra zein Bartzelonako lasterketetan parte hartzeko, 200.000 euroko aurrekontua daukie.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!