Artistei bultzadea emoteko Proszenia egoitza-bekea sortu dabe Getxon
2018-08-22 11:06 KultureaIrailaren 3tik 21era aurkeztu leitekez proposamenak.
Hiru helburu nagusi ditu Proszenia beka sortu barriak: Ikerketa eta produkzino artistikoa bultzatzea; bertoko sortzaileei laguntzea; eta bertoko sortzaileen eta kanpoko eragileen arteko alkarreragina erraztea. Horretarako, sei hileko egoitza-bekea atondu dabe Getxoko Kultura Etxeak eta Andres Isasi musika-eskoleak, 5.000 euroko diru-laguntzinoduna. Zemendiaren 1etik datorren urteko apirilaren 19ra bitartekoa izango da egoitzea.
Beka honen ardatza zera da: Jarduera eszeniko garaikidearen inguruko ikerketa ez-formaleko prozesuak eta eremuak ezagutzea. Arte eszenikoen inguruko edozein prozesu erabilita gorputzaren eta diskursoaren arteko alkarlana aztertzen daben ekarpenen bila dabiz antolatzaileak.
Zehaztu dabenez, ikerketa praktikoa izan beharko da eta lankidetzea bultzatu beharko dau Getxoko herriagaz eta bertako eragileakaz. Proposamenak aurkezteko epea irailaren 3tik 21era bitartekoa izango da. Andrés Isasi Musika Eskolako Erregistro Orokorrean (Las Mercedes, 6) edo Getxoko Kultur Etxeko Erregistro Orokorrean (Villamonte, A-8) aurkeztu leitekez, baita Getxoko Udalaren webgunearen bidez be.
Sei hileko egoitzea Romoko Kultura Etxean izango dala argitu dabe bekearen atolatzaileek. Banaka zein taldeka aurkeztu leiteke. Oinarriak, hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!