Urtero 6.000 lagunek bisitetan dabe Foru Jauregia

Bizkaie! 2018-08-17 09:18   Kulturea

Euskal artearen barruan, eklektizismoaren adibide onenetako bat da 1900eko eraikina.

Bisitaldia Foru Jauregian (argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Herritar askok ez dakien arren, Bizkaiko Foru Jauregia barrutik ikusi leiteke eta horretarako bisitaldiak antolatzen ditu Bizkaiko Foru Aldundiak. Urtero 6.000 lagun inguru joaten dira Bilboko Kale Nagusiko jauregi horretara, Foru Aldundiak jakitera emon dauenez. 2017ko datu zehatza be emon dau erakundeak: 5.971 lagunek hartu eben parte bisitaldi gidatuetan.

Horreetatik gehienak (% 84) taldean joan ziran, batez be ikastetxe, euskaltegi eta antzekoetatik. Ganerakoek bisita partikularrak egin zituen. Bisitak doban dira, baina aurretik hitzordua eskatu behar da, 94 608 35 37 zenbakian edo bisitak@bizkaia.eus helbidean.

Hiru ordu lauren inguruko bisitaldian, Foru Jauregiaren inguruko jakingarriak azaltzen deutsiez bisitariei eta eraikinaren txokorik dotoreenak erakutsi. Gitxienez lau laguneko taldeak egin behar dira bisitea antolatu ahal izateko, gehienez 30ekoak. Astelehenetik barikura izaten dira eta hizkuntzea aukeratu leiteke: euskerea, gaztelania, frantsesa edo ingelesa.

Bizkaiko Foru Aldundiaren Jauregia XIX. mendearen amaieran proiektau eben eta eklektizismoaren adibiderik gorenetakoa da euskal arte garaikidearen barruan. Obrak 1890ean hasi ziran eta arkitektoa Luis Aladrén Mendivil izan zan.

Jauregiaren barruan, eskailera ikusgarria eta apainketa aberatsa dira nabarmentzekoak: Marmolak, egurrak, iztukuak, espiluak, eskaiolak, loraontziak, zeramikak, beirateak eta abar ditu, baita XIX. mendearen amaierako pintorerik garrantzitsuenen koadroak be. Ibilbide gidatuetan areto batzuk ikusi leitekez, besteak beste harrera-aretoa, tronuarena eta Osoko Bilkuren aretoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu