Aretha Franklin hil da
2018-08-17 08:08 MusikeaAbesti gogoangarriak plazaratu zituan soul musikearen erreginak.
XX. mendearen erdialdetik hona, musikazaleentzat ezinbesteko erreferentzia izan da Aretha Franklin (1942-2018), haren ahots indartsuari eta nortasun sakoneko estiloari esker. Sei hamarkada inguru egin zituan oholtzetan, soul musikea lau haizetara zabaltzen. Ganera, beste estilo batzuk be landu zituan: gospela, rythm&bluesa, jazza eta abar.
Memphis urian jaio zan Aretha Franklin eta etxean orduko musikearen artista ezagun askogaz topo egin eban, haren aitaren lanbidea zala eta. Artzain baptistea zan eta jente asko ezagutzen eban, haren berbaldi sutsuei esker. Aretha Franklin bera be gazterik hasi zan abesten eta 14 urte zituanerako lehenengo lana kaleratu eban. Lehenengo semea be orduan euki eban.
Harrezkero, ibilbide oparoa egin eban. Eleiza giroan kantetan hasi, gospel eta jazz mundutik pasau eta soularen erregina bihurtu zan. 1967ko Respect (berez, Ottis Reding-en abesti baten bersinoa) sinbolo bihurtu zan, bai alderdi musikaletik eta bai alderdi sozialagaitik be, emakumeen duintasuna aldarrikatzen eban eta.
Handik aurrera be, erantzun handiko diskoak argitaratu zituan Franklinek, adibidez, Lady Soul eta Young, Gifted and Black. 1970eko hamarkadearen amaieran gorabehera batzuk izan zituan, baina bere estiloari eutsi eta aurrera egin eban, indartsu. Dana dala, urteek aurrera egin ahala, gero eta gitxiago agertzen zan zuzeneko emonaldietan.
Osasun arazo batzuk tarteko, 2010ean iragarri eban familiagaz luzaroago egon nahi ebala eta kontzertu askorik ez ebala emon nahi. 2017an musikea itxiko ebala adierazo eban, Stevie Wonder-egaz disko bat grabetako asmoa eukan arren; azkenean, ezin izan eban egitasmo hori gauzatu. Egun batzuk ospitalean oso larri pasau eta gero, 76 urtegaz hil da Aretha Franklin, Detroiten.
Hutsune handia itxi dau soularen erreginak musikearen munduan. Azken hamarkadetako musika baltzaren ikono esanguratsuenetakoa,, musikan emakumeen ikuspegitik abesten ausartu zan lehenengoetakoa eta errepetiduten gatxa izango dan ahotsaren jaube: indarragaitik eta hainbat estilotara egokitzeko gaitasunagaitik.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!