'Bilbao Taste Nagusia', jaiak eta gastronomia buztartzeko tresnea

Bizkaie! 2018-08-16 10:41   Kulturea

Bilboko Udalak eta Food Play enpreseak jarri dabe martxan web bidezko aplikazinoa.

Aste Nagusiaren 40. urteurrena ospatzeko web aplikazino barria aurkeztu dabe, Bilbao Taste Nagusia, udaletxean egindako ekitaldian. Han egon dira Itziar Urtasun Bilboko Jaietako zinegotzia eta Food Play enpresa barritzaile bilbotarreko kide bi, Pello Mujica eta Aitor Carbajo.

Web bidezko plataformearen ardatzak bi dira: Aste Nagusia eta uriko gastronomia. Bilbotarrek eta bisitariek aukerea izango dabe Aste Nagusiko egunetarako proposamen gastronomikoak ezagutzeko eta kalidadeko menuak topetako.

Bilbao Taste Nagusia aplikazinoan agertzen diran establezmenduak bereizgarri baten bidez erakutsiko dira mapan, geolokalizazino eta guztikoa. Ganera, aukeratutako jatetxera joateko argibideak eta garraio publikoa agertuko dira. Bilboko auzo guztiak kontuan hartzen ditu aplikazinoak.

Jatetxe edo taberna bakotxak Aste Nagusiko menu berezia eskainiko dau, jai eredu honen 40. urteurrena ospatzeko diseinauta. Menu horreetan Eusko Labeldun produktuak erabiliko ditue eta Taste Nagusia txartelakaz ordainduko dira. Establezimendu laguntzaileetan eta Kutxabankeko kutxazainetan erosi ahal izango dira eta 30 euroko balioa izango dabe txartelok. Ekimen hori solidarioa danez, erabilitako txartel bakotxeko Bizkaiko Caritaseko Jantoki Sozialak euro bi jasoko ditu.

Egitaraua eskuko telefonoan

Bilbao Taste Nagusia web aplikazino barritzaileaz gan, dagoeneko ohiko bihurtu dan beste tresna bat be aurkeztu dau Udalak, eskuko telefonoetarako aplikazinoa hain zuzen. Bertan, 2018ko Aste Nagusiko egitarauko ekitaldi guztiak kontsultau leitekez, egunez egun antolatuak, era eroso eta bizkorrean. Jarduera guztiak mapa baten kokatzen ditu eta geolokalizazinoa be badarabil aplikazinoak.

Era berean, jaietan erabilgarriak izan leitekezan datuak dakarz aplikazinoak, esate baterako, larrialdietarako telefono-zenbakiak, garraio publikoaren inguruko informazinoa eta abar. Eraso sexisten kontrako gidaliburua be ikusi leiteke.

Aplikazino hau deskargetako moduan dago dagoeneko iOS eta Android sistema eragileen ohiko lekuetan. Udalak azaldu dauenez, aplikazinoa deskargau eta erabiltea doban da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu