EHU munduko 400 unibersidade onenen artean sartu dabe

Bizkaie! 2018-08-16 09:40   Kulturea

Shanghaiko Ranking-ean gora egin dau unibersidade publikoak.

Mundu guztian aintzat hartzen da Shanghaiko Ranking-aren zerrendea eta, hortaz, bertan agertzea nazinoarteko unibersidaderik onenen artean egotearen pareko da. EHUk sei urte daroaz ranking horretan agertzen eta, ganera, egunotan plazaratutako eguneratzean gora egin dau. 400 onenen artean sartu dabe, hain zuzen. Aurreko aldian, 500 onenen tartean geratu zan.

Horren zorrotza dan sailkapenean postu bat igon izana barri bikaina da, gure lanaren barri emoteko erarik onenetako bat. Honek ez gaitu geure buruagaz konplaziente izatera eroan behar, exijentzia maila berari eustera baino, adierazo dau Nekane Balluerka EHUko errektoreak.

Shanghaiko Ranking-ak munduko unibersidadeen ikerketen eragina eta prestigioa neurtzen ditu. Danetara, 1.300 unibersidade aztertu eta gero, EHU 301 eta 400. postuen artean sartu dabe Jiao Tong Unibersidadeko adituek (ex-aequo emoten dira horreek postuak). Lehenengo hamar postuetan Estadu Batuetako zortzi unibersidade dagoz, baita Britainia Handiko Oxford eta Cambridge be.

Unibersidadeen bikaintasuna neurtzeko nazinoarteko erreferentzia dan zerrenda hau osotu ahal izateko, kontuan izan dira Nobel saria eta Matematiketako Fields dominak eskuratutako irakasle edo ikasle ohiak dituenak, ikertzaile oso aitatuak, eta Nature eta Science aldizkarietan argitaratutako artikuluak. 

Ganera, espezialidadeei jagokezan sailkapenetan be, hainbat aitamen jaso ditu EHUk Shanghaiko Ranking-aren azken eguneratzean. Munduko unibersidadeen 51-75eko tartean kokatu da Injinerutza Kimikoaren arloan, Espainiako onena hain zuzen. Nanozientzia eta Nanoteknologian batetik, eta Kimikan bestetik, munduko 101-150eko tartean sartu dabe. Azkenik, Energiaren Zientzian eta Injinerutzan eta Materialen Zientzian eta Energian, EHU munduko unibersidadeen 151-200eko tartean dago.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu