Jai parekideen aldeko kanpainea aurkeztu dabe Bilboko Konparsek
2018-08-14 09:32 KultureaErasorik bako jai gunea nahi dabela aldarrikatu dabe.
Zapatuan hasiko da 2018ko Bilboko Aste Nagusia eta jaiaren erdigunea izango dan lekuan, Arenalean, agerraldia egin dabe dozenaka emakumek. Han aurkeztu dabe jai parekideen aldeko eta erasoen kontrako kanpainea. Lelo handi bat zabaldu dabe, esaldi honegaz: Nik gozatu, zuk errespetatu, hura zaindu.
Izan be, hiru alderdi horreek azpimarratu nahi ditue. Batetik, emakumeak jaietan disfrutetako aukerea izan behar dauela, askatasunean eta bildur barik. Bestetik, gizonak hori errespetau behar dauela. Azkenik, alkar jagotea be ezinbestekoa dala. Leloa Arenaleko jai gunean ikusiko da Aste Nagusi guztian, arboletan zintzilik egongo diran banderatxu moreetan.
Orain dala gitxira arte, jaiak eta ospakizunak aparteko gauzatzat hartu izan dira gizartean eta, ondorioz, bardintasunaren aldeko bidean ez da sakondu, Bilboko Konparsen arabera. Baina jaiak be bizitzearen parte diran ezkero, emakumeen autonomia eta segurtasuna lantzea ezinbestekoa dala dinoe. Erasoei aurre egin ezean, jaietan benetan ondo pasetea ezinezkoa da.
Erasorik bako jai gune askea eregitea da helburua, gehiegikeria, irain eta jazarpenik bakoa. Gizon zein emakumeen ardura partekatuan oinarrituko dabe hori.
Hortaz, jai parekideen alde orain dala hamar urte hartutako konpromisoa sendotuko dabela agindu dabe Konparsek, bidean ikasitako guztia praktikan jarrita. Aste Nagusian erasoren bat egon ezkero, Konparsek laguntzinoa eta babesa eskainiko dabe. Dana dala, erasoei aurre egitea guztion ardurea dala nabarmendu dabe. Erasoak salatzeko mobilizazinoetan parte hartzeko deia egin deutsie herritarrei.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!