Balearen desfilea, Go!azen, Txikigunea eta gehiago, umeentzat Aste Nagusian
2018-08-13 10:14 KultureaBilboko Udalak nabarmendu dau jarduera guztiak dobakoak dirala.
Abuztuaren 18tik 26ra, Bilboko Aste Nagusiko egun guztietan, umeei zuzendutako dozenaka jarduera egongo dira, edade eta gustu guztietako neska-mutilentzako aproposak eta danak doban. Egitarau zabal horren barri emon dau Bilboko Udalak eta helburua umeek eta familiek ondo pasau deiela dala azpimarratu dau.
Dagoeneko ohiturea bihurtzen hasi da Bali balearen bisitea Aste Nagusian. Plaza Biribiletik urtenda, Kale Nagusian gora joango da Bali desfilean, hilaren 19an, domekea, 19:00etan hasita. Baina umeen balearik gogokoena ez da bakarrik joango, alboan hainbat lagun izango ditu: Olagarroa, Txangurroa eta Bisigua bere familia... hori guztia jantzariek eta musikariek lagunduta.
Gazteen artean arrakasta handia dauen Go!azen telesailaren ikuskizuna be aitatzekoa da egitarauan. Euskal pop musikako abestirik ezagunei esker, gazteak eta ez horren gazteak jantzan eta kantuan jarriko ditue saioko protagonistek, hilaren 25ean, zapatua. Abandoibarrako agertokian jarri dabe hitzordua, 18:00etan.
Dana dala, umeen topagune nagusia, aurreko urteetan legez, Kasilda Iturriza parkean egongo da, Txikigunean. Hilaren 19tik 26ra, egunero zabalduko dabe, goiz eta arratsalde. Batez be, 12 urtera arteko neska-mutilentzako jarduerak antolatuko ditue han, 24 guztira. Lau gune egongo dira, edadeka eta gaika banatuak. Ganera, 24an, urtebetetze jaia antolatu dabe, Aste Nagusiaren 40. urteurrena dala eta.
Udalak txu-txu trena ipiniko dau udaletxetik Txikigunera joateko. Era horretara, familiek modu dibertigarri eta eroso baten egin ahal izango dabe Kasilda Iturriza parkerainoko bidea. 25 minuturik behin urtengo dabe trenek.
Ume eta gaztetxuen programeari errepasoa egiteko orduan, Gas plazako antzezlanak be ezin dira ahaztu, goi mailako taldeen ikusikuzunak egongo dira eta. Egunero 19:30etan hasiko dira saioak (lehenengo domekan, 20:00etan), eta zeinuen hizkuntzako interperetea egongo da, entzuteko arazoak daukiezenek be disfrutau deien. Zirika Zirkus, Deabru Beltzak, Txan Magoa, Markeliñe, Shakti Olaizola eta abar dagoz egitarauan.
Beste alde batetik, erraldoiak eta buruhandiak egunero ibiliko dira kalerik kale eta ume eta gazteak euren alboan joan ahal izango dira. Goizeko 11:00etan urtengo dabe Euskal Museotik. Hilaren 26an, ganera, erraldoien kontzentrazinoa egingo dabe Arenalean. Besteak beste, Iruñea, Arrasate, Kanbo, Donostia eta Bilboko erraldoiak batuko dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!