Aste Nagusiaren 40 urteko bidea aldarrikatu dabe Konparsek

Bizkaie! 2018-08-10 12:50   Kulturea

Traben ganetik eta alkarlanari esker, Bilbok jai eredu herrikoia eta koloretsua dauela dinoe.

Argazkia: Bilboko Konparsak | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Konparsak euren txosnak muntatzen hasi diran egunean, agerraldia egin dabe federazinoko ordezkariek, Bilboko Aste Nagusiaren 40. urteurrenaren balorazinoa egiteko. Izan be, 1978an jaio zan Bilboko gaur egungo jai eredua eta aurtengoa izango da, ganera, 40. edizinoa (berez 41.a behar leuke, baina 1980an ez zan Aste Nagusirik antolatu). Aste Nagusiak uriari eta gizarteari ekarri deutsan onurea nabarmendu dabe konparsakideek eta aurrerantzean bide horretan sakonduko dabela ziurtatu dabe.

1978an, diktaduratik urten barritan, Bilbo berun koloreko uria zala gogoratu dabe Konparsek, eta herritarren ahaleginari esker, inori baimenik eskatu barik, bizitzearen koloreak berreskuratu zituela dinoe. Orduan jaio ziran Aste Nagusiaren hiru sinbolo nagusiak: Marijaia, txupinerea eta pregoilaria.

1978an, auzotarrak batu eta nork bere konparsea sortu eban, jantziak josi, txosnak eregi, kalean, beti kalean… eta estreinakoz ospatu zan lehen Aste Nagusia, herrikoia, eta herritarrek Bilbo kolorez bete eben, azaldu dabe Konparsek. Bidean trabak egon diran arren, Aste Nagusia hazten eta hobetzen joan dala adierazo dabe. Esate baterako, 1981ean Batzorde Mistoa jaio zan, jaiak alkarlanean antolatzeko.

Su artifizialak 1981ean bota ziran lehenengoz, Konparsen proposamenez. 1983an, uriolek eroan zituen Marijaia, txosnak eta bilbotarren ondasun piloa, baina konparsen konpromisoa indartu eben, eta bultzatu zituen auzolana eta alkarlana. Lohi koloreko urtea izan zan, baina baita esperantzakoa be, gogoratu dabe. 1997an, entzun zan, estreinekoz, Edorta Jimenezek eta Kepa Junkerak sortutako abesti mundiala.

Lau hamarkadako ibilbidearen balorazino positiboagaz batera, bestelakoak be gogoan hartu nahi izan ditue: Pasau doguz zailtasunak eta jai-ereduaren kontrako erasoak, debeku eta pribatizazino-saiakerak, eta urtero-urtero atxakia burokratiko zein politikoak. Eta, horren guztiaren ganetik, jaia egiteko gogoa gailendu da. Konparsakideen ahalegin boluntarioa eskertu dau Konparsen federazinoak.

2018ko Aste Nagusia, edizino biribila izanik, benetan Nagusi egin nahi dabela adierazo dabe Konparsek. 28 konparsatan banatuta, 400 boluntario ibiliko dira egunotan lanean, abuztuaren 18ko txupinean dana prest egon daiten.

Agerraldian, orain arteko Aste Nagusiko edizino guztietako kartelak erakutsi ditue, egindako bidearen sinbolo legez. Hilaren 18an, Marijaia Arriaga antzokiko balkoian agertzen danean, haren urtebetetzea ospatzeko deia egin deutsie Konparsek herritar guztiei.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu