Araia-Asparrenako Umore Antzerkiaren Jaialdia 25. edizinora heldu da
2018-08-10 08:48 KultureaArabako herri ugaritan egingo ditue saioak.
Pixkanaka Arabako arte eszenikoen agendan sendotzen joan dan hitzordua da Araia-Asparrenako Umore Antzerkiaren Jaialdia eta horri esker, aurten 25. edizinoa beteko dau. Izenak dinoan legez, Araia-Asparrenan dauka oinarria jaialdiak, baina gaur egun Arabako hainbat herritan be saioak egiten ditue. Hain zuzen be, gaur, barikua, lehenengo emonaldiak egongo dira herrietan eta zapatuan, hilak 11, Araiako egitaraua martxan ipiniko dabe.
Edade guztientzat aproposa, umorez betea, edegia eta alaia da Umore Antzerkiaren Azokako egitaraua. Hori dala eta, Nafarroatik eta Gipuzkoatik be publikoa joaten da ikuskizunetara, antolatzaileen arabera.
Hilaren 11tik 15era, hainbat ikuskizun ekarriko ditue Araiara: Polikiroldegikoak ordainpekoak dira, baina badagoz emonaldi libreak be. Têtes de Mules konpainiaren Entresort, Markeliñeren Chef Nature, Trapu Zaharraren Sefiní, Faemino y Cansado, Barsanti Teatroaren Kale Gorrian, Yllana & The Primital Brothers taldearen The Primitals eta abar ikusi ahal izango dira. Danetara, 15 konpainia, bertokoak zein kanpokoak.
Araiako egitaraua osorik, hemen.
Bestetik, azken urteetan legez, Arabako herrietan be ikuskizun ugari antolatu ditue. Aurtengo egitarauan 17 herri sartu dira eta abuztuaren 10etik 26ra bitartean hartuko ditue emonaldiak. Araiako programa nagusian parte hartuko daben konpainiak ibiliko dira herririk herriko saioetan be. Amurrio, Laudio, Artziniega, Okondo, Izarra, Maeztu, Bastida eta abarretan ikusi ahal izango da umorezko antzerkirik onena.
Herrietako egitaraua, hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!