Txupinerea eta pregoilaria prest dagoz Aste Nagusirako

Bizkaie! 2018-08-09 13:07   Kulturea

Saioa Dominguez eta Zorion Egileor lehenengo aldiz agertu dira euren karguen jantziakaz.

Bilboko udaletxearen kanpoaldean egin dabe argazkia txupinereak, pregoilariak eta Konparsetako eta Udaleko ordezkariek (argazkia: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

2018ko Aste Nagusia abuztuaren 18an hasiko da, Arriagan egingo dan ekitaldi jentetsuan. Marijaiagaz batera, protagonista bi izango ditu jaien hasikereak: Pregoilaria eta txupinerea. Aurten horreek kargu biak beteko dituenak aurkeztu ditue udaletxean egindako agerraldian. Zorion Egileor pregoilaria eta Saioa Dominguez txupinerea Bilboko Udaleko ordezkariakaz eta Konparsetako kideakaz batera agertu dira.

Lehenengo aldiz ikusi doguz biak euren karguari jagokon jantziagaz. Pregoilariaren kasuan, jaka horia eta punta biko kapela baltza. Txupinerearen kasuan, jaka eta txapela gorriak. Jaiak hasteko ekitaldian ez eze, era horretara jantzita ikusiko doguz Egileor eta Domingez Aste Nagusiko makina bat ekitalditan.

-Zorion Egileor, pregoilaria: Aktorea eta konpositorea da, 1946an Mundakan jaioa. Azkenaldion hainbat euskal film ezagunetan parte hartu dau (Pikadero, Txarriboda, 80 egunean...). Herri Irratian be ibili zan esatari. Aste Nagusiaren gaur egungo ereduaren bultzatzaileetako bat be izan zan, 1977ko lehenengo kalejirako sustatzaile izan zan ezkero. 

-Saioa Dominguez, txupinerea: 1982an jaiotako bilbotar hau Aixeberri konparsako kidea da orain dala 18 urtetik. Biokimikan doktorea da eta minbiziaren kontrako ikerketan dabil gaur egun. Aixeberri konparsearen bigarren txupinerea da, 1997an Sonia Charcanek bete eban zeregin hori.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu