Pablo Zabala artisteak Bizkaia Zubia apaindu dau
2018-08-09 11:03 KultureaPortugalete eta Areeta batzen dituan azpiegiturearen 125. urteurrena ospatzeko lau pieza dira.
Bilboko Itsasadarraren iragan meatzari eta industriala gogoratzen dauen konposizino piktorikoa egin dau Pablo Zabala artisteak, Bizkaia Zubiaren 125. urteurrena gogoratzeko ekitaldien barruan. EHUk jakitera emon dauenez, Gris izenburua dauen muralak lau panel ditu, itsasadarraren alde bakotxean bi.
Zubia zeharkatzeko ontzitxurako sarbideen estaldurak apaintzen ditue lau muralek. Espazioak berak ezarri ditu lanaren arauak, gris industriala eta itsas-argien gorria eta berdea alkartzen dira, azaldu dau Pablo Zabalak. Muralak itsasontzi biren sarrerea eta urteerea agertzen ditu; ontziek kea botatzen dabe, itsas-argiek berdez tindatua ezkerraldean, eta gorriz eskumaldean. Era berean, pintura-lanean ipar-mendebaldeko haizea irudikatu dau, kea haize horren agindupean mobiduten dalako, artistearen arabera.
Murala marrazteko, espazioak berak ezarri deutsazan mugak gainditu behar izan ditu Zabalak, ontzitxuetan sartzeko kanpoko estalkiaren ganean lan egin behar izan dau eta. Bizkaiko Zubiko ertz bietako terrazetatik ikusten dira marrazkiak, baita zubiaren goialdeko pasabidetik be.
Bizkaia Zubia, edo Zubi esegia, 1892tik dago martxan eta gaur egun Unescoren Gizateriaren Ondare da. Hainbat ekimen antolatzen dabiz 125. urteurrena ospatzeko. Horreetako bat da Pablo Zabalaren interbentzino artistikoa. Zabalak (Getxo, 1994) aurretik be pintura murala landu izan dau, baina tamainu txikiagoko obrak be egin izan ditu. EHUren Arte Eder Fakultadeko gradua dauka eta gaur egun Pintura masterra ikasten dabil.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!