Galdakaoko Andra Mari Jantza Taldea, Belgikan

Bizkaie! 2018-08-09 10:15   Kulturea

Hasselt uriko jaialdian parte hartuko dau hurrengo egunotan.

Andra Marikoek igaz Alemanian egindako saioa (argazkia: Andra Mari/Geuria) | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskal jantzak eta folklorea atzerrian erakutsiko ditu Galdakaoko Andra Mari Jantza Taldeak, aurreko beste uda batzuetan egin izan dauen legez. Igaz, esate baterako, Alemania aldean egon ziran. Aurten, ostera, Belgikako Hasselt uriko nazinoarteko jaialdian hartuko dabe parte asteburuan, taldeak berak eta Geuria aldizkariak zabaldu dabenez.

Jaialdiaren programazino ofizialaren arabera, zapatuan, hilak 11, agertuko dira Galdakaoko jantzariak Hasselteko oholtzan lehenengo aldiz, Serbiako AKUD Mika Mitrović Jarac taldekoakaz batera. Hurrengo egunean, domekan, serbiar eta euskaldunek barriro egingo dabe jantzan, Txekiako FS Demižón Strážnice eta etxeko De Boezeroenen taldeetakoakaz batera.

Hasselt uria Flandrian dago, Belgika iparraldean. Hango nazinoarteko jaialdiak tradizino handia dauka, aurten 34. edizinoa egingo dabe. Andra Mari Jantza Taldeak be badauka eskarmentua nazinoartean, udan bidaiak egiten ditue eta. Taldekoek azaldu dabenez, euskal jantzak erakusteko eta kultura desbardinak ezagutzeko erabilten ditue bidaiok.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu