Edadekoentzat herri txikiek daben garrantzia nabarmendu dau Igorrek
2018-08-09 13:24 KultureaItsaso Bengoetxea arduratu da Bizi Igorre proiektua Toronton aurkezteaz.
Aukera hau aprobetxau gura dogu holango osasun eta gizarte proiektuetan herri txikien garrantzia azpimarratzeko. Herri txiki baten bizi izateak edadeko jentea eta beste personen arteko hartu-emonak sendotutea errazten dau; Administrazinoa eta herritarren arteko sinergiak hobetzen ditu, esate baterako, zuzeneko proiektuak eskola, mediku edo beste jenteagaz. Baliabide ezak, katalizatzaile moduan funtzionetan dau edadeko jentearentzat, eta parte-hartze aktiboagaz, proiektua eurena dala sentiduz, irudimen handiagokoak eta dinamikoagoak izan daitekez. Holan aurkeztu eban Itsaso Bengoetxeak Bizi Igorren proiektua Toronton, 14. Zahartzearen ganeko Biltzar Nagusian. Ondoren, bideo baten bitartez azaldu eben protagonistek herrian egindakoa.
Igorrekoen aurkezpena laugarrena izan zan Herri Lagunkoien proiektua zelan ipini daben martxan, zelan ebaluau eta zelan hobetu daben azaltzen. Aurretik, Taiwan, Ontario eta Txinako Guangzhou herrietako ordezkariek hartu eben berbea euren egoerea agertzeko. Komunidade handiak dira danak eta arazo desbardinei egin behar deutsie aurre.
Euskerearen presentzia
Bizi Igorre proiektuaren barri emoten dauen bideoa euskeraz dago, ingelesezko azpitituluakaz. Arantzazuko Balea Musika Ideiak-ek egin dau Toronton erakusteko. Lehenengotik Igorreko alkatea agertzen da, noztik dagoan Igorre Herri Lagunkoien sarean sartuta esaten; gero, Jesus Mari Anzolak, jubiladuen alkarteko presidenteak dino, Bizkaiko Nagusiak plataforman izan ebela lehenengoz Herri Lagunkoien barri eta orduan ekarri ebela Igorrera. Eider Aldape teknikariak ikerketa eta diagnostiko faseak azaltzen ditu gero. Eta diagnostiko fase horretatik urtendako proiektuak be agertzen dira bideoan, izan be, Bizi Igorre-ren berezitasunetako bat horixe da, ez dala diagnostikoan geratu, proiektuak martxan ipini eta gauzatu egin dirala, batzuk aitatzearren, Gure bihotza zure esku, Udalak ipini ebana martxan; Igorbili, ibilaldiak egiteko, edo belaunaldien arteko bideoforumak.
Baina protagonista nagusiak, herriko 60 urtetik gorakoak dira. Danak ez dira bideoan agertzen, Igorren % 20 dira eta, mila inguru.
75 herrialdetako ordezkariak
International Federation on Ageing, IFAk antolatutako Torontoko Biltzar Nagusi honetan, 75 herrialdetako ordezkariek hartzen dabe parte. Biltzarra hilaren 10era arte izango da, gaur egungo eta etorkizuneko edadeko jentearen erronken inguruko gaiak lantzeko. Ikuspegiak, ikerketak eta munduko errealidadearen adibideak izango dira ardatz edadeko jentea osasuntsu eusteaz gan, baita gizartean parte hartzeko egokienak diran politiken gaineko eztabaidak be.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!