Zortzi kontzertu, Bilboko Aste Nagusiko musika klasikoaren zikloan

Bizkaie! 2018-08-07 11:23   Musikea

San Petersburgoko Capella koruak zabalduko dau egitaraua, abuztuaren 18an.

Urtero legez, Atxuri auzoko Gizakundearen eleizeak hartuko ditu 2018ko Aste Nagusiko musika klasikoko dobako kontzertuak. Arrakasta handiko programazinoa da, urtero-urtero eleizea jentez ganezka egoten da eta. Aurten be, askotariko egitaraua atondu dau Bilboko Udalak: Bertoko zein kanpoko artsiten zortzi kontzertu, abuztuaren 18tik 25era.

Lehenengo hitzordua nazinoarteko goi mailako talde baten eskutik dator, jaietako lehenengo zapatuan. Errusiako San Petersburgo uriko Capella koru mistoan 40 bat abeslari dagoz, tartean bakarlari ospetsuak. Gizakunde eleizan musika erlijioso zein profanoko pieza esanguratsuak interpretauko ditue, Vladislav Txernouxenko zuzendariaren gidaritzapean.

Domekan, hilak 19, Kosmos Ensemble hirukote birtainiarraren txandea izango da. Mundu osoko doinuak eroango ditue Bilbora, baita musika klasikoa be. Astelehenean, hilak 20, bertoko ordezkarien txandea izango da: Musbika hari-orkestreak hamabi kide ditu eta ganbera-musikea egiten dau.

Martitzenean be euskal artistek hartuko dabe Gizakunde eleizea. Olatz Saitua sopranoak eta Beñat Egiarte tenoreak Itziar Barredo Cavero piano-jolearen doinuen laguntzinoagaz kantauko dabe. Euren errepertorioan, Verdi, Donizetti eta Mozarten lanak dira nabarmenenak.

UNESCOren Pakearen Artista izentautako Elisso Bolkvadze georgiarra izango da eguazteneko emonaldiko protagonistea eta eguenean, ostera, Cuarteto del Pino taldea. Daniel del Pino, Fumika Yamamura, Gabriel Bussi eta Elena Escalza dira horko kideak, Musikeneko batzarretan alkar ezagututako laukotea.

Abuztuaren 24an, BE Brass Quintet boskotearen txandea izango da. Gonzalo Sánchez (tronpetea), Raquel Ruiz (tronpetea), Pablo Bajo (tronpea), Vicent Lloret (tronboia) eta Beñat Etxabe (tubea) dira kideak, honeek be Musikenekoak. Amaitzeko, zapatuan, hilak 25, azken emonaldia Iruñeko Tylman Susato Ensemble boskotearen esku egongo da.

Emonaldi guztiak 20:30etan hasiko dira eta sartzea doban izango da. Dana dala, normalean jente asko batzen da kontzertuotan eta aurretiaz joatea komenidu da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu