Saray Pérez Castillaren 'Paisaia ikusezinak', Rekalde Aretoan

Bizkaie! 2018-08-06 12:11   Kulturea

Barriek programearen barruan sortutako artelanok irailaren 2ra arte ikusi ahal izango dira.

Bizkaiko Foru Aldundiaren Barriek 2018 programan parte hartu daben artisten bakarkako erakusketen zikloa aurrera doa. Irailaren 2ra arte, Saray Pérez Castillaren Paisaia ikusezinak egongo da ikusgai Rekalde Aretoko Kabinete Abstraktuan. Mendebaldeko Saharako biztanleen errealidadea da Pérez Castillaren obrearen ardatza.

Rekalde Aretoan aurkeztu dauen erakusketan Saray Pérez Castillak Mendebaldeko Saharatik ekarritako bideoak eta grabazinoak ipini ditu, baita Marokoren okupazinoaren kontrako ekintzaileen jardunaren dokumentazinoa be. Erresistentziaren alderdirik gizatiarrena ardatz, teknologiaren eta berbearen arteko loturea bilatzen dau artisteak.

Saray Pérez Castillak 2015ean egin eban Tindufeko kanpalekuen inguruko lehenengo lana. Paisaiaren eta historiaren esperientzia subjektiboan sakontzeko prozesu luzea egin dau denyar izeneko Saharako jakintsuakaz. Oroimenaren eta lurraldearen gatazketara hurreratzen da haren lana.

Rekalde Aretoko erakusketan, begia ez da organu nagusia, ikusmenaz gan beste zentzumenak be beharrezkoak ditu publikoak. Ikutzeko materialak, entzuketa kolektiboak, formak... danak dira mundu konplexu baten erakusgarri.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu