Bermeoko XXXIII. Musika Astea, barikura arte

Bizkaie! 2018-08-06 11:01   Musikea

Bost kontzertu programau ditue eta euskal musikariak izango dira protagonista.

Aingeru Astuik eta Susana Regidor teknikariak aurkeztu dabe jaialdia (argazkia: Bermeoko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bermeon, udako hitzordu kultural esanguratsuenetako bat egingo dabe asteon, XXXIII. Nazinoarteko Musika Astea. Gaurtik barikura, egunero kontzertu bat entzun ahal izango dabe zaleek, horreetako lau, doban. Kalidade handiko programazinoa atondu dabela azpimarratu dau Bermeoko Udalak eta, Jazzber jaialdian legez, euskal musikariei leku handia egin deutsiela.

Kontzertu liriko batek zabalduko dau egitaraua, gaur, astelehena (20:00). Olaitz Saituak (sopranoa), Beñat Egiartek (tenorea) eta Elena Cadiernok (pianoa) parte hartuko dabe. Hiru artistok Euskal Herriko izen garrantzitsuak dira musika lirikoaren arloan.

Bigarren egunean, hilaren 7an, Alberto Urretxok (tronboia), Itxaso Sainz De La Mazak (pianoa), Adriana Grigorasek (biola) eta Jone Martinezek (abeslaria) Soinuaren Bidaia ikuskizuna aurkeztuko dabe. Eguaztenean, Euskal Herriko Kammerphilarmoniako bakarlariek kontzertua eskainiko dabe. Bertan, 11 musikarik hartuko dabe parte, Riccardo Sciammarellaren zuzendaritza artistikopean.

Eguenean Duo Antwer izango da protagonista Bermeon. Bikote horretako kideak Adilia Yip (marinbea) eta Daniel Belloví (klarinete baxua) dira. Azkenik, barikuan, The Old Timey String Band taldearen kontzertuak zarratuko dau jaialdia. 2015ean Getxon sortutako laukotea da The Old Timey String Band. Andoni Zarragak (ahotsa), Iñigo Cotok (fiddle), Gontzal San Martinek (gitarra) eta Ricardo de Lucasek (kontrabaxua) osotzen dabe eta Ipar Amerikako zuztarrak dituen musikea zabaltzeko sortu eben.

Astelehenetik eguenera bitarteko emonaldiak Santa Maria eleizan izango dira, doban. Barikukoa, ostera, Kafe Antzokian izango da eta 6 euro pagau beharko dira. Bost kontzertuak 20:00etan hasiko dira.

Aingeru Astui Bermeoko Kultura zinegotziaren arabera, Bermeoko Musika Astea oso arrakastatsua izaten da urtero eta aurten be holan izatea espero dau. Gure helburua da musikea herriari hurreratzea guztiok musikeagaz disfrutau ahal izateko, adierazo dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu