La Fura del Baus-ek zabalduko dau 79. Musika Hamabostaldia
2018-08-02 10:23 MusikeaIrailaren 1era arte, 93 emonaldi egongo dira aukeran.
Izenak dinoana bikoxtu, eta hilabete osoa hartuko dau Donostiako 79. Musika Hamabostaldiak, gaurtik irailaren 1era arte. Mitoa eta tradizinoa lelopean batuta, hamaika ziklotan banatu dabe egitaraua eta guztira 93 emonaldi egongo dira. Donostian ez eze, Gipuzkoako beste leku batzuetan, Nafarroan, Lapurdin eta Araban izango dira saioak.
Hasiera ikusgarria izango dau Hamabostaldiak, La Fura dels Baus konpainia kataluniarraren eskutik. Gaur eta bihar, Kursaal aretoan, Joseph Haydn konpositorearen Kreazinoa obran oinarritutako ikuskizuna, estetika minimalistaduna, eroango dabe oholtzara. Pantailak, esfera zuri handi bat eta abar izango dira eszenaratzearen oinarriak. Bilboko Orkestra Sinfonikoak jarriko dau musikea, José Ramón Encinar maisuaren zuzendaritzapean.
Dana dala, Kreazinoa ez da izango Hamabostaldiaren inaugurazinoak ekarriko dauen hitzordu bakarra. Lehen egun honetan, Donostia guztiko hainbat txokotan 13 proposamen egongo dira herritarren eskura: jantzea, musika instrumentala, kantua... eta ohikoak diran kontzertu solidarioak, zahar-etxeetan.
Musika Hamabostaldiak izaten dauen ezaugarri bat aniztasuna da. Aurten be askotariko egitaraua eskainiko dau, zikloetako gai nagusiek erakusten daben legez: Antxinako musikearen zikloa dago, musika garaikidearena be bai, organuena, umeentzako emonaldiak eta abar. Ez da ahaztu behar, ganera, San Telmo museoan musikearen historia luzeari eskainitako erakusketea dagoala ikusgai udan.
Donostiatik kanpo eskainiko diran emonaldiak, honako herrietan izango dira: Zumaia, Getaria, Hondarribia, Urretxu, Arantzazu eta Leireko santutegiak, Senpere, Artziniega, Kanpezu, Guardia, Tuesta eta Olano.
Egitarau osoa, hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!