Txina munduko lider bihurtuko daben teknologiak

Zigor Aldama 2018-07-27 13:37   Bidaide

Zhu Long-ek dino gizateria aro barri baten atarian dagoala eta ziurtzat joten dau aro teknologiko horretako liderra herrialde bakar bat izango dana: Txina.

Teknologia iraultza baten aurrean gagoz eta honek Industria Iraultzak baino aldaketa sozioekonomiko sakonagoak eragingo ditu. Adimen artifiziala lantzen dauen Yitu enpresako sortzaile eta presidente dan Zhu Long-ek dino gizateria aro barri baten atarian dagoala: Alkarregaz lotutako teknologia barri ugari garatuko dira. Laster helduko dan 5G teknologiak gauzen internet dalakoa ekarriko dau, objektuak alkarren artean komunikauko dira. Konektibidade honek, adimen artifizialagaz, Big Data-gaz eta errobotikeagaz batera, mundu barria sortuko dau eta gizakia zer dan barriro definidu beharko dogu, ganeratu dau.

Arpegiaren errekonozimendurako sistemak eta osasun-diagnostikoak egiteko algoritmoak diseinetan ditu Zhu-k eta, aurreratu dauenez, gaur egun bizi izateko ezinbestekotzat joten doguzan hainbat gauza ez dira beharrezkoak izango etorkizunean. Eta dino hori ez dala zientzia fikzinoa, hamar edo hogei urte barru helduko dan zeozer baino. Ganera, zientzialari honek ziurtzat joten dau aro teknologiko barri horretako liderra herrialde bakar bat izango dana: Txina.

Hiru arrazoi emon ditu Zhu-k baieztapen horren alde: Batetik, Txinako herritarrek zein gobernuak teknologia barriak onartzeko jarrera edegiagoa daukie ganerakoek baino. Hartara, merkaduan enpresarientzako aukerak ugaritu dira eta I+G alorreko inbersinoak gora egin dau. Bigarrenik, jente askok munduko eliteko zentrorik onenetan ikasi dau eta orain Txinara bueltan dator ikasitakoa praktikan jarten, ni neu kasurako. Eta hirugarrenik, herrialde honen pisu demografikoak ez dau parekorik. 1.400 miloe biztanlegaz, eskala-ekonomiak errazago sortzen dira eta teknologia adimendunak erabilteko erronka gehiago agertzen dira, hemen beste herrialde batzuetan baino aplikazino praktiko gehiago daukiez teknologi barriek.

Estadistikek arrazoia emoten deutsie Zhu-ri. Igaz, Asiako erraldoiak 1,79 biloe yuan (238.600 miloe euro) bideratu zituan ikerketara. 2016tik, % 14ko hazkundea da, % 70,9ekoa 2012agaz konparau ezkero. Eta munduko bigarren potentziak hazkunderako tartea dauka oraindino, I+Grako inbersinoa BPGaren % 2,1 da eta. Espainiakoa baino zazpi hamarren gehiago da hori, baina Estadu Batuen zifrea baino zazpi hamarren beherago dago eta Alemaniakotik 1,2 puntura. Txinak herrialderik barritzaileenen taldean sartu eta alor horretako potentzia handi bihurtu behar dau 2050erako, adierazo eban Wan Gang Zientzia eta Teknologia ministroak.

Ganera, bere mugetatik kanpo ikasle gehien dituan herrialdea be bada Txina. Hezkuntza Ministerioaren arabera, igaz 608.400 txinatar atzerrira joan ziran formakuntzea jasoten, 2016an baino % 11,74 gehiago. Eta jaioterrira bueltau diran ikasle txinatarren kopuruak antzeko erritmoan egin dau gora -% 11,19-, guztira 480.900 izan ziran. Horreetatik 227.400 master edo goi mailako titulu eta guzti bueltau ziran. Txinak atzerrirako ateak zabaltzea erabagi ebanetik, aurten lau hamarkada, 5,1 miloe txinatar baino gehiagok ikasi dabe kanpoan.

Estadistiken arabera, 1978tik 2017ra bitartean, atzerritik bueltau diranen kopurua gelditu barik joan da gora. Guztira, 3,1 miloe -% 83,73- bueltau dira, azpimarratu dau ministerioak. Hori gitxi balitz, igaz zortzi miloe txinatarrek titulua eskuratu eben bertako unibersidadeetan, Estadu Batuetako datuaren bikotxa, eta 1997ko Txinakoaren halako ia hamar. Shanghaik PISA txostenean izandako emoitza onek hezkuntzan egindako inbersinoa erakusten dabe. The Economist Intelligence Unit dalakoaren arabera, Txina izango da munduko liderra STEM (zientzia, teknologia, injinerutzea eta matematikak) ikasketetako tituludunen kopuruan.

Tituludun horreetako askok Txinako enpresa teknologiko gero eta ugariagoetan topetan dabe lanpostua. Konpainia horreek atzerriko talentua be erakarten dabe. Txinako garapen ekonomikoa produkzinoaren deslokalizazinoagaz hasi zan. Enpresak hona heldu ziran merkeago produzidu, euren merkaduetara esportau eta etekinak handitzeko. Baina Txinako Gobernuak bultzatutako legeei esker, epe luzera, teknologiaren transferentzia egon da eta, ondorioz, bizi-kalidadearen eta erosteko ahalmenaren igoerea. Horri esker, hemengo enpresak lehiakorrak dira sektore askotan eta Txinako merkadua traktore ekonomiko bihurtu da, dino China-Europe International Business School (CEIBS) erakundeko dekanorde Xu Bin-ek.

Txina munduko potentzia komertzial nagusia da 2014tik -2,55 miloe euro igaz, Munduko Bankuaren arabera-, eta orain salto kualitatiboa egin nahi dau, China 2025 planaren bidez. Gobernuaren egitasmo horren asmoa da munduko lider izateko giltzarri izan leitekezan hamar industria-arlo bultzatzea: ibilgailu elektrikoetatik hasi -gobernuak iragarri dau 2020ra bitartean miloe erdi elektrolinera ipini nahi dituala eta ibilgailu elektrikoen salmenten erdiak baino gehiago Txinako merkaduan egiten dira, 2017an 800.000 unidade- eta material barrien industriaraino, errobotetatik -Txinan egindako 100.000 errobot saltzea da 2020rako asmoa- eta burdinbideetako teknologiatik pasauta -munduko ganerako leku guztiek batera baino abiadura handiko sare zabalagoa dauka Txinak-.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu