XX. mendeko Bermeoko ondare arkitektonikoa bultzatzeko bideoa
2018-07-27 12:28 KultureaHerritar zein bisitariak harritu egingo dira Bermeok dituan altxorrakaz, Udalaren arabera.
Joan dan mendean eregitako eraikin esanguratsu ugari ditu Bermeok. Izan be, sasoi berean goi mailako hiru arkitekto bermeotar egon zirala gogoratu dau Aingeru Astui Udaleko Kultura zinegotziak: Pedro Ispizua, Fernando Arzadun eta Teodoro Anasagasti. Ispizuak Batzokia, Garategi txaleta, Sagrado Corazón kaperea eta Ormaza fabrikea egin zituan; Arzadunek Kikunbera etxea eta Kofradi Zaharra; eta Anasagastik, Portuko Goizeko Izarra eraikina, Erremedio kaleko 24-26 etxebizitzak eta Lanbide Hastapeneko eraikina.
Horrezaz gan, XX. mende hasierako beste arkitekto ugariren lanak dagoz herrian: Severino Achucarro (ospitale psikiatrikoa), Anastasio Arguinzoniz (udal hilerria), Teodoro de Videchea (Villa Eustasia), Diego de Basterra (Talaiariaren etxea), Ricardo de Bastida (Casa del Niño), eta Emilio Apraiz (etxebizitzak).
Ondare hori guztia ezagutzera emoteko, bideo bat atondu dau Bermeoko Udalak, euskera, gaztelania eta ingelesezko bersinoduna. Herriko ondare arkitektonikoaren balioa bertakoei zein kanpotarrei erakusteko helburua dau ikus-entzunezko piezeak: Harritu egingo dira Bermeok dituan altxorrakaz, adierazo dau Aingeru Astuik. Bego Gangoiti turismo teknikariak be parte hartu dau bideoaren aurkezpenean.
Bideoan, Bermeora heldu barri dan arkitektura ikasle baten begietatik egingo dogu ibilbidea. Kanpotik datorren persona batek gure herria zelan ikusten dauen islatu nahi izan dogu, zehaztu dau Astuik. Bideoan Bermeoko eraikin ugari agiri dira: Casa del Niño, Kanposatuko hilobiak, Kofradi Zaharra, Batzokia, Ormaza fabrikea, Kikunbera eraikina, Kasinoa, Matxitxakoko eskolak, Portuko eskilarak, hainbat etxebizitza… eta baita Bermeoko paisaiak be: Tala, Portua, Lamera, Matxitxako ingurua…
Uste dugu bideoa oso erakargarria izango dala bai bermeotarrontzat bai Bermeotik kanpoko personentzat, dino Astuik. Bermeobizi webgune turistikoan zintzilikatu dabe bideoaren lehenengo atala. Bestela, euskerazko bersinorako loturea, hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!