Karmele Jaio eta Miren Agur Meaberen liburu bana, ingelesez
2018-07-26 13:54 KultureaAmaren eskuak eta Kristalezko begi bat Parthian argitaletxe independentearen eskutik heldu dira hizkuntza horretara.
Europako literaturako ahots barriei lekua egitea eta zabalkundea emotea da Galesko Parthian argitaletxe independentearen helburua. Oraingo honetan, euskal idazleakan jarri dau arretea, Karmele Jaioren eta Miren Agur Meaberen liburu bana ingelesera itzulita. Batetik, Amaren eskuak (Her Mother's Hands itzulpenean) eta, bestetik, Kristalezko begi bat (A Glass Eye).
Karmele Jaiorena, azken urteetan euskerazko narratibeak emon dauen liburu arrakastatsuenetako bat da. Besteak beste, English PEN Award irabazi dau. Amaren eskuak-eko protagonistea Nerea da: Kazetaria, gaztea, alaba txiki baten ama. Bere bizitzearen oreka eskasa guztiz apurtuko da egun batetik bestera bere ama amnesiak jota ospitalera eroaten dabenean. Amaren historia ezkutuak jakingo ditu bertan Nereak. Karmele Jaiok Edinburgoko Liburu Jaialdian hartuko dau parte abuztuan.
Kristalezko begi bat nobelako protagonistea be emakumea da. Bikotekidea ixteak eragindako mina ahazteko, bolada baterako Landetara joango da eta han, idazten hasiko da, bizitzako galerei, bere izateari, desamodioari eta askatasunari, idazkuntzearen zentzunari buruz. Hiru Euskadi Sari irabazitakoa da Miren Agur Meabe eta hainbat liburu argitaratu ditu, poesia eta ume eta gazte literaturea tartean.
Eleberri biak Parthian Europa Carnivale bilduman plazaratu dira, Europako emakumezko ahots barri eta talentudunak batzen dituan sailean. Bertan argitaratutako liburuek gai garrantzitsuak jorratzen ditue, horreetako asko unibersalak, baina bakotxaren lekuan lekuko hizkuntza, istorio eta kulturan oinarrituta.
Liburuon itzulpenak egiteko Etxepare Euskal Institutuaren laguntzinoa izan dau argitaletxeak. Egitasmo honen jatorria Etxepareren eta Literature Across Frontiers erakundearen eskutik orain dala urte bi Euskal Herrira egindako bisitea da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!