Euskal kulturea Eskozian zabalduko dau Etxepare Institutuak 2019an

Bizkaie! 2018-07-26 10:07   Kulturea

Urtero herrialde jakin bat izango da jomugea, Irene Larraza erakundeko zuzendariak aurreratu dauenez.

Irene Larraza, bulegoan (argazkia: Etxepare) | Ikusi handiago | Argazki originala

Uda sasoia baliatuta, Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak balantzea egin dau eta gerora begirako helburuak ezarri ditu, erakundearen webgunean plazaratutako alkarrizketa baten bidez. Larraza 2012tik dabil Etxeparen eta urte erdi daroa ardurarik goreneko postuan. Zuzendari kargura egokitzen ibili da eta dagoeneko lantalde barriak martxea hartu dauela uste dau.

Aurrera begira Etxepare Institutuak dituan helburuen artean, nobedade baten barri emon dau Larrazak: Datorren urtetik aurrera, urtero herrialde jakin baten jarriko dabe arretea, euskal kulturea eta hizkuntzea leku horretan modu berezian eta zabalean jorratzeko. Jakina, Etxeparek mundu guztian lanean segiduko dau, baina aukeratutako herrialde horretan ahalegin sendoagoa egingo da.

Ekimen horri ekiteko, 2019an jomuga izango daben herrialdea aukeratu dabe dagoeneko: Eskozia. Hortaz, euskal kulturearen eta hizkuntzearen presentzia indartuko dau Etxeparek Eskozian datorren urtean. Horregaz lotuta, Larrazak uste dau hemengo sortzaile eta kulturgileei kanpoko erreferentziak lortzea erraztu behar deutsiela.

Larrazaren esanetan, eten barik Etxepare indartzeko bideen bila dabiz: Institutuak oraintxe dituan laguntzinoak, zerbitzuak eta proiektuak sendotzea nahi geunke, eta ahal danean ildo barriak abian jarri ahal izatea be bai. Hurrengo urteotan, alor instituzionalean, Etxeparek gero eta pisu handiagoa izango dau Kultura Diplomazian, batez be Europan, erakundeko zuzendariaren ustez.

Bestetik, Larrazak uste dau ondo finkatuta dagozala gaur egun Etxeparek mundu guztian dituan 35 irakurletzak eta zortzi katedrak. Aurtengo barrikuntza nagusia Euskara Mundua HABEtik Etxeparera ekartea izan da; Munduko Euskal Etxeetan euskera eskolak emoten dituen irakasleen sarea da eta oso pozik gagoz, logikoa begitantzen jakulako sare hau Institutuaren barruan kokatzea, eta Euskal Etxeakaz hartu-emon zuzenagoa izango dogulako, azpimarratu dau Larrazak.

Etxepare Institutuak zazpi urte bete dituan honetan, Larrazak orain arteko bidearen balorazinoa be egin dau: Nire ustez Institutuak oso bide koherentea jarraitu dau sortu zanetik: Aizpea Goenagak eta bere taldeak egundoko lana egin eben erakundea sortu eta martxan jarteko. Hareek abiatutako ildo gehienak indarrean dagoz oraindino, zentzuzkoak ziralako eta diralako. 2017an Miren Arzalluzek hartu eban Institutuaren gidaritzea eta 2020ra arteko bidea zehazteko gogoeta estrategikoa bultzatu eban.

Larrazak bide orri horri eutsi deutsola dino eta uste dau, ildo estrategikoan baino, egiteko moduetan egin leikela ekarpena: Etxepare zerbitzu bat emon behar dauen erakunde bat dala eta ateak zabalik dituala azpimarratu nahiko neuke.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu