Lekeitioko Kalekak 20.000 ikusle izan ditu aurten

Bizkaie! 2018-07-25 13:42   Kulturea

Herriko eragileakaz hasitako alkarlanak jaialdia indartu dauela dinoe antolatzaileek.

Chef Nature-ren ikuskizuna, Lekeitioko plazan (argazkiak: Kaleka) | Ikusi handiago | Argazki originala

Lekeitioko Nazinoarteko Kale Antzerki Jaialdiaren, Kalekaren, 29. edizinoa domekan amaitu zan eta antolatzaileak pozik agertu dira, zabaldutako oharrean jakitera emon dabenez. Egunero eguraldi aproposik euki ez daben arren, egitaraua baldintza metereologikoetara egokitzen asmau dabela azpimarratu dabe eta, horri esker, datu onak izan ditu Kalekak, publikoari jagokonez: Zehatz esanda, 19.690 ikusle izan ditue egitarauko 28 ikuskizunek.

Egitarauak eskaini dituan askotariko ikuskizunak azpimarratu ditue antolatzaileek, clown-a, jantzea, piroteknia eta abar tartekatuta. Horrezaz gan, Kaleka Scratch programa bereziaren barruan, Asaco Producciones-en Tanque Gurugú ikuskizun ibiltaria heldu zan herrira, eta bertan clown bat tanke batek ezarritako mugak desegiten ahalegindu zan. Horko artistek lekeitiarren parte-hartze handia eta inplikazinoa nabarmendu ditue. Jantzien sorkuntzarako tailerretik abiatutako erakusketeak, bestetik, 1.800 bisitari izan ditu. 

Kaleka urterik urte hartzen dabilen indarraren oinarrietako bat alkarlana dala adierazo dabe antolatzaileek. Aurtengo edizinoan, Lekeitioko alkarte eta talde kultural ugarik lagundu dabe eta alkarlan horren emoitzea da, besteak beste, Arropaingo Arragua guneko sorkuntza espazioa. Aurten be, ehundazak umek disfrutau dabe bertako ekintzakaz. Malekoia txiringitoa da Kalekaren beste kolaboratzaile bat, han clown ikuskizun bat antolatu eben. 22 konpainia eta kolektiboren eta ehundazak herritarren laguntzinoa eskertu dabe Kalekako arduradunek.

Hortaz, Kalekaren 29. edizinoa amaitu da, baina antolatzaileak hasi dira dagoeneko hurrengoa preparetan. Zenbaki biribila izango da 30. edizinoa, ganera. Horretarako urtebete falta dan arren, laster baten, irailaren 3an, Sail Ofizialean eta Scratch-en parte hartzeko deialdia edegiko dabe, bertan egon nahi daben konpainia eta kolektiboek euren proposamenak bialdu deiezen. Horrezaz gan, KALEKAz Blai sailaren bidez, jaialdia urte osora zabalduko dabe.

Fullaby

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu